Elkarrekin dantza egiteko gonbitea
Elkar+Ekin egitasmoaren barruan, milaka lagun dantzan jarri nahi dituzte Euskal Herri osoan, elkarteen eta boluntarioen lana azpimarratzeko. Igandean dan hitzordua, eta goierritarrei, Ordiziara joateko deia egin diete.
EIBE Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntza Ekosismetak deialdi berezia egin du igande honetarako. Elkar+Ekin Gara! egitasmoaren barruan, elkarteen eta boluntarioen lanak duen garrantzia azaleratu nahi dute. Horretarako, Elkar+Ekin Dantza! ekimena antolatu dute. Euskal Herri osoan egingo dute, igande honetan. Eskualdez eskualde elkartuko dira, eta Goierriri dagokion hitzordua, Ordizian jarri dute. 11:15ean elkartuko dira, plaza nagusian. Aurkezpena eta entsegu batzuk egin eta gero, 12:30ean egingo dute grabaketa ofiziala.
XX. mendean hasi ziren Euskal Herrian elkarteak sortzen, behar sozialei erantzuteko asmoz. Arlo askotan jarduten dute, kultura, euskara, kirola, osasuna, eskubideak, eta abar. Eta arlo horietan, funtzio ezberdinak betetzen dituzte. “Etorkizuna elkarrekin” sortu behar dugula uste du EIBE elkarteak, eta horregatik jarri zuten martxan Elkar+Ekin Gara! ekimen herritarra. Elkarte horien lana balorean jartzea, kide izatearen harrotasuna sustatzea, elkarteak eta boluntarioak zaintzea eta formatzea, eta herritarrak elkarteetan parte hartzera bultzatzea dira egitasmo horren helburu nagusiak. Gainera, ElkarteLAB ekimenaren bidez, herriz herri bilerak egiten ari dira, proiektua azaldu eta feedback-a jasotzeko asmoz.