Kultur sorkuntza sustatzeko diru laguntzek jarraipena dute
Helduen literaturara ere zabaldu dituzte laguntzak. Poesia, eleberria, komikia... egin ahalko dira
Beasaingo Udalbatzak aho batez onartu zuen kultur sorkuntzako proiektuak garatzeko diru laguntzei jarraipena ematea. 15.000 euro bideratuko dira gehinez; proiektu bakoitzak 3.000 euro edo aurrekontuaren %75a jasoko du asko jota, halere. Laguntza bi kolpetan jasoko da: erdia, eskaria ontzat ematean eta beste erdia, egindakoa aurkezterakoa.
Diru laguntzon bigarren deialdi honetan helduen eleberria ere barneratu dute laguntza jaso dezakete diziplinen barruan. Zazpi izango dira denera: helduentzako poesiaz, nobelaz, komikiaz… gain, haur eta nerabe literatura, ekintzailetza eta ikerkuntza, musika eta soinu konposizioa, ikus-entzunezkoak, obra plastikoak eta bisualak eta sorkuntza eszenikoa. Euskara bermatuta egon beharko da, derrigor, era batera edo bestera.
Diru laguntzen onuradun izateko pertsona fisiko bat izan beharko da, adinez nagusia eta azken bi urteetan etengabe Beasainen erroldatuta dagoena. Ez du zertan esperientzia handiko norbait izan behar, hasiberriek ere jaso baititzakete bultzada.
Ikasten
Eskaerak irailaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dira, Beasaingo Udalaren erregistro elektronikoan, posta zerbitzu bidez edo aurrez aurre, Igunean. Luzatu egin dute epea iazkoarekin alderatuta, eskera gehiago jasotzeko asmoarekin.
Nerea Manzisidor EH Bildurentzat «pozgarria» da halako diru-laguntzak aurkeztea, «interesa» egon badagoela nabari dutelako. Gainera, onuradunak herritarrak izango direnez, epaimahaia beraiengandik hurbil egoteko eskatu zuen. Zabalkundean ere «ahalegin berezia» egiteko eskatu zioten Leire Artola alkateari, herritarrik ez dadin geratu laguntzen berri izan gabe.
Alkateak eskaria aintzat hartu zuen eta laguntza gertutik jarraituko duela gaineratu zuen, «etorkizunerako egin daitezkeen hobekuntzak identifikatzeko».