Su Ta Garreko Aitor Gorosabelekin hasiko da musika-kultur astea
Su ta Gar taldeko abeslariaz gain, Anari eta Alos Quartet ere izango dira, besteak beste, Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultur astean.
Lazkao Txiki Musika Eskolaren 25. urteurreneko kultur astea astelehenean hasiko da, martxoaren 21ean. Egunero ekitaldi sorta izango da Lazkaon, goren mailakoak asko, herriko eragile eta kultur taldeekin elkarlanean.
Aurreneko ekitaldia Aitor Gorosabel musikari eibartarrarekin solasaldia egiteko izango da. Su Ta Gar taldeko kantaria Gerriko elkartean elkarrizketatuko dute, Hitz&Musik zikloan, astelehenean 18:30ean. Musika joaldi labur bat ere egingo du, era akustikoan.
Astelehenean, aurrez, kantu koraleko ikasleek Jan dezagun emanaldia egingo dute, Areria antzokian, 17:30ean.
Sarrerak, dendetan doan
Kultur astean, publiko orokorrarentzat Arerian lau emanaldi egingo dituzte. Jan dezagun musikala, Anariren kantaldia, Alos Quartet hari laukoaren kontzertua eta Sokak ikus-entzunezkoa.
Horietarako sarrerak doan dira, baina txartelak Lazkaon elkarteko dendetan hartu behar dira. 50 euroko erosketa-bonuak zozkatuko dituzte, gainera.