Tabuak eta sekretuak, plazara
2020ko Igartza Literatura bekako garaileak, Maddi Ane Txoperena Iribarrenek, 'Ez erran inori' eleberria arkeztu du. Haurtzaroko eta etxe giroko sexu abusuak ditu ardatz
2020ko Igartza Literatura Beka haragitu da. Ez erran inori eleberria atzo aurkeztu zuen Maddi Ane Txoperena Iribarrenek, alboan Leire Artola Beasaingo alkatea, Xabier Mendiguren Elkarreko editorea eta Igor Arrondo CAFeko Giza Baliabideetako ordezkaria zituela. Goizean Donostiako Udal Liburutegian egin zuten aurkezpena eta arratsaldean, Beasainen, Igartza Jauregian. Bertaratu zirenei ale bana oparitu zieten.
Lide da nobelako protagonista. Haurra zela sexu abusuak pairatu zituen, etxean bertan, Donapaleun (Nafarroa Beherea), hurbilekoa zuen bizilagunaren partetik. Gertakaria memoriaren zoko batean gordeta eduki du urteetan, baina gaztaroan, Baionan bizi dela, pilaka datozkio irudiak gogora. Oroitzapenetatik askatu nahian, sexura joko du, drogara, plazerera, sorgortasunera… Baina Piztia hor da beti, eta ez du bakerik eman nahi.
Idazle hendaiarrak esan zuen jakitun dela gai «mingarria» hautatu duela, baina isiltasunaren bidez zauriak ixtea zaila dela azaldu zuen. «Gaiak tabu izaten segitzen du, nahiz eta azken urteetan komunikabideetan gehiago atera den elizako sexu abusuak direla-eta. Baina ingurune hurbileko erasoen inguruan hitz egitea zailagoa da, familia zuzenean jotzen dutelako, eta familiena instituzio sakratu bat da gure gizartean». Dena dela, sufrimendutik, «batzuetan», gauza «ederrak» atera daitezkeela azpimarratu zuen. «Hau da niri atera zaidana. Hemendik aitzinera zuekin partekatu nahiko nuke eta gustatuko litzaidake beste batzuei ere interesgarria eta baliagarria suertatzea». Izan ere, literaturak norbera sufrimendutik ateratzen lagundu dezakeela uste du. Dena dela, inori leziorik ez diola eman nahi zehaztu du. «Ez dut asmorik inori leziok emateko. Ez naiz inor horretarako».
Jarraipena
Mendigurenek esan zion «kontaketarako trebeziaz eta hizkuntza menderatzeaz gain, gaiaren gaineko ezagutza sakona eta sentiberatasun fina» erakutsi dituela. Artolak eta Arrondok zoriondu egin zuten eta literaturari lotuta jarraitzeko gonbita egin zioten. Txoperenak erantzun zien gustatuko litzaiokeela sorkuntzatik bizi ahal izatea, baina bizimodu «prekarioa» dela. «Hala da», aitortu zion Mendigurenek. Txoperenak osatu zuen esanez «patxadaz» hartu nahi duela, eta beste lan bat idazten hasi baino lehen Ez erran inorirekin gozatu nahi duela.
Txoperenak ere esker oneko hitzak izan zituen. Igartza Literatura bekako arduradunez gain, besteak beste, Amaia Iturriotz urretxuarra izan zuen gogoan. «Ezinbesteko bidelagun, segi dezagun elkar irakurtzen».