Giro ederrean aritu dira eskolartekoak Goierriko krosean
Goierriko XXIV. Eskolartekoen krosean korrikalari ugari bildu dira. Zumarragako Argixao futbol zelaiaren inguruan aritu dira benjamin, kimu eta haur mailetako korrikalariak.
Goizeko hamaiketan hasi dira kimu mailako neskak korrika. Partaide gehien bildu dituen lasterketa izan da. 42 neskak osatutako tropela ziztu bizian abiatu da Argixao futbol zelaian kokatutako irteera marratik. Ia kilometro eta erdiko ibilbidea osatu ostean, maila bereko mutilak abiatu dira. Ostera, haur mailakoen txanda izan da: lehenik, neskak eta, gero, mutilak. Azkeneko horiek osatu dute ibilbide luzeena, ia hiru kilometrokoa. Neskak izan dira gehiengoa bi maila horietan: kimu mailan 42 eta haur mailan hemeretzi. Mutiletan, hemezortzi partaide helmugaratu dira kimu mailan eta hamahiru haurretan.
Egunari amaiera emateko, benjamin mailako lasterketa ere antolatu dute. Bertan, soilik Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko korrikalariek hartu zezaketen parte. Hamaika neska eta hamazazpi mutil aritu dira lasterka. Guztira, lasterketa guztiak batuta, 120 partaide inguru bildu ditu XXIV. Goierriko eskolarteko krosak.
Lehiatik haratago, giro bikaina nagusitu da Argixao futbol zelaian. Partaide guztiek korrika egiteko irrikatan ekin diete lasterketei eta, gehienek, akituta amaitu dute. Gainera, eguraldia lagun, ikuslez lepo egon dira harmailaketa biziki animatu dituzte partehartzaile guztiak.