Herritarren artean zuhaitzak landatu dituzte Itsason
Itsasoko herritarrek Zuhaitz Eguna ospatu dute. Dozenatik gora lagun batu eta 65 landare landatu dituzte herriko lursailetan. Bihar Ezkio eta Itsasoko haurrak arituko dira lan berean.
Goizeko hamarretan elkartu dira Itsasoko herritarrak Zuhaitz Eguna ospatzeko. Dozena bat lagun bildu dira eta herriko lursailetan zuhaitzak landatzeari ekin diote. Aranzadiko Mikel Etxeberria aritu da gidari lanetan eta eguerdiko hamabietarako amaitu dute jarduna.
Guztira, 65 landare jarri dituzte; gehienak, haritzak, baina baita elorri zuriak, elorri beltzak eta gaztainondoak ere. Bihar, Ezkio eta Itsasoko haurrak jardun berean arituko dira. Espezie horietako beste 40 zuhaitz landatuko dituzte.