Nadine Gill nagusitu da Igartza Sarian
Nadine Gill txirrindulari alemaniarrak lortu du garaipena Beasaingo II. Igartza Sarian. Espainiako Koparako lehen proba puntuagarria izan da eta, maila guztiak batuta, 400 txirrindulari baino gehiagok hartu dute parte.
Lasterketa nagusia, elite eta 23 urtez azpikoena, eguerdiko hamabi eta erdietan hasi da. Erritmo gogorrak lasterketa segituan hautsi du eta, Olaberriko lehen igoeraren ostean, talde txikia geratu da lasterketa buruan. Une horretan egin du ahalegina Irene Mendezek (Bizkaia-Durango), baina ez du luzaroan iraun. Olaberriko bigarren igoeran, helmugarako 40 kilometro faltan egin du ihes, gerora, garaipena lehiatu duen hirukoak. Sopela taldeko Nadine Gillek zein Claire Steelsek eta Canyon-Sram taldeko Ricarda Bauerfeindek osatu dute ihesaldia. Hirurak bikain moldatu dira elkarren artean eta esprintean erabaki da lasterketa. Nadine Gill izan da hirukotean azkarrena eta lehen postuan zeharkatu du Nafarroa etorbidean kokatutako helmuga. Bigarren postuan, Bauerfeind sailkatu da eta, hirugarren, Steels, garailearen taldekidea.
Bigarren sailkatua, Bauerfeind alemaniarra, 23 urtez azpiko lehen txirrindularia izan da. Maila horretan, bigarren postua Bizkaia Durangoko Catalina Sotok eskuratu du. Iazko Espainiako Kopako garailea, Idoia Eraso nafarra (Laboral Kutxa), lasterketaren amaiera aldera izandako matxura konpondu ostean, hirugarrena izan da 23 urtez azpiko mailan.
Espainiako Kopako lehen proba izanik, liderraren mailotak ere jaso dituzte maila bakoitzeko garaileek. Bestetik, bigarren mailako sailkapenak ere egon dira jokoan. Mendiko saria Bauerfeindek irabazi du, tarteko helmugena Nadine Gillek eta taldekakoa Bizkaia-Durangok.
Ibilbide berritua
Loinaz Txirrindulari Elkarteak ibilbidea aldatu behar izan du azken egunetan. Lasterketa nagusian, Zegamara joan-etorria osatu ostean, hiru aldiz igo behar izan dute Olaberriko gaina eta, beste bitan, Liernikoa. Guztira, 92 kilometroko ibilbidea osatu dute. gainontzeko lasterketetan ere inguru horietan ibili dira, baina itzuli gutxiago emanez.
Elite eta 23 urtez azpikoena ez da izan goizeko lasterketa bakarra. Aurretik, gazteenak aritu dira. Kadete mailakoak goizeko bederatzietan eta juniorrak hamarrak eta erdietan. Lehenengoek 30 kilometro inguruko ibilbidea osatu dute eta azkarrena Paula Ostiz nafarra (Lacturale Ermitagaña) izan da. Erakustaldia eman ostean, bakarrik helmugaratu da 50 segundoko aldearekin.
Juniorrek eta masterrek, 60 kilometro inguruko ibilbideari egin diote aurre eta Rocio Martin (Talavera) masterrak lortu du garaipena. Bigarren postuan eta lehen junior gisa Lucia Garcia (Costa Brava) helmugaratu da. Gainera, proba honetan, bi partaide beasaindarrak saritu dituzte June Maiz eta Oneka Sanchez, Zatika taldekoak.
Sailkapenak:
Elite eta 23 urtez azpikoak (93 kilometro):
- Nadine Gill (Sopela) 2:29:23
- Ricarda Bauerfeind (Canyon-Sram) d.b.
- Claire Steels (Sopela) d.b.
- Catalina Soto (Bizkaia-Durango) 1:57ra
- Mireia Benito (Massi-Tatic) 1:57ra
Juniorrak eta masterrak (61 kilometro):
- Rocio Martin (Talavera) 1:53:36 M30
- Lucia Garcia (Costa Brava) 0:06ra Junior
- Estela Dominguez (Bioracer-Aurubis) 0:09ra Junior
- Eneritz Vadillo (Seguros Bilbao-Miribilla) 0:09ra Junior
- Heidi Gaugan (Urt Velo 64) 0:09ra Junior
Kadeteak (31 kilometro):
- Paula Ostiz (Lacturale-Ermitagaña) 53:45
- Leyre Almena (Hyundai Koryo Car) 0:50ra
- Melanie Dupin (VC Ste-Livrade) 0:50ra
- Paola Pacua (Sanse) 0:52ra
- Irati Aranguren (Andoaingo) 1:01era