Betiko Santikutz festak bueltan datoz
Pandemia garaiko bi urteko etenaren ondoren, Legazpiko talde eta eragileak aurtengo Santikutz jaiak antolatzeko lanetan ari dira, buru-belarri.
Haur eta gazteen danborradan parte hartzeko izen-ematea irekita dago. Kapela eta larrain dantzetarako entseguak hasi dira. Txosnaren ardura hartzeko eskariak egiteko epea irekita dago. Jai batzordeak ere egin ditu bilera bat baino gehiago. Aurten bai, aurten ospatuko dira Legazpiko jai nagusiak, eta deialdi horiek guztiak ikusita, ia ohiko formatuarekin eta egitarauarekin izango direla aurreratu daiteke.
Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Legazpiko Santikutz jaiak apirilaren 29an 19:00etan hasiko dira, eta lehen txanpak maiatzaren 3ra arte iraungo du. Hurrengo asteburuan, maiatzaren 7an, Kapela dantza egingo da, eta maiatzaren 8a Mirandaola Eguna izango da. Bi asteburu hartuko dituzte Ohiko Santikutzak Egun horiek festa giroz eta ekitaldiz betetzeko lanetan ari dira azken egun hauetan jai batzordeko kideak, eta hilaren bukaerarako izango dute prest egitarau osoa. Haur eta gazteen danborrada, txosna eta kapela eta larrain dantzez gain, helduen danborrada, Ezpatadantza eta Olaria saria emateko ekitaldiak, ganadu feria, herriko pilota txapelketaren finala eta kuadrillen herri bazkaria –apirilaren 30ean–, txirrindulari proba eta bola txapelketak ere izango dira besteak beste.
Musikarik ez da faltako, eta bestelako ikuskizunik ere ez. Barrakak ere jarriko dituzte. Ohiko Santikutzak izango dira aurtengoak, ia betiko egitarauarekin.
Txosna jartzeko eskaria
Eta ohiko Santikutzak izanda, azken urteetan ezinbestekoa bihurtu den txosnarik ere ez da faltako. Udalak karpa bat instalatuko du eliza atzeko gunean, eta apirilaren 29tik maiatzaren 4ra bitartean bertan jarriko den txosnaren ardura hartzeko eskariak egin daitezke, hilaren 25era arte. Txosnan, barraz gain, eszenatoki bat ere izaten da eta musika emanaldiak eta bestelako ekintzak egiten dira. Udaletxean aurkeztu behar da eskaria. Maiatzaren 1eko haurren eta gazteeen danborradan parte hartu nahi dutenek, bestalde, ikastetxeetan eman behar dute izena, eta hilaren 24a, osteguna, da azken eguna. Entseguak apirilaren 4an, 7an, 11n eta 25ean izango dira, 18:30ean Haztegi Ikastolako atzeko frontoian