HAPOren berrikusketari begira, landa eremuari buruzko saioa egingo du EH Bilduk
Errenteriako Udalaren esperientzia azalduko du Eneko del Amo bertako zinegotziak, eta ingurumen aholkulari gisa duen ezagutzarekin osatuko du hitzaldia.
Legazpiko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren berrikusketa prozesuari begira, EH Bilduk ingurumena eta landa eremua hizpide izango dituen saioa antolatu du ostegunerako, hilak 24. Saioa 18:30ean izango da, Kultur Etxeko areto nagusian, eta EH Bilduk HAPOren inguruan informatzeko antolatu duen hitzaldi zikloa itxiko du.
Errenteriako zinegotzia den Eneko del Amok parte hartuko du hitzaldian. Errenterian ere HAPOaren berrikuspena egiten ari dira, eta prozesu horretan lanketa berezi bat egin dute landa eremuaren inguruan. Bertako esperientzia izango da saioaren abiapuntua, eta Del Amok ingurumen aholkulari gisa duen ezagutzarekin osatuko du bere hitzaldia.
EH Bilduk adierazi duenez, HAPOaren berrikuspena askotan hiri ikuspuntutik egiten da eta oso garrantzitsua da landa eremua bere horretan lantzea, “landa eremutik hirira begiratuta, eta alderantziz”.