Mirandaolako burdinola, berriz ere martxan
Igande honetan hasiko dute denboraldia Mirandaolan, eta aste santurako bisita bereziak antolatu dituzte. Txillida Lantokia eta fabrika ere ikusgai izango dira.
Aste Santuko kanpaina prestatuta du Lenbur Fundazioak, eta opor egun horietarako Legazpiko turismo eskaintzaren berri eman du. Aurten Mirandaolako burdinola eta parkea, Txillida Lantokia eta Fabrika, Igeralde baserriko Ogiaren Txokoa eta Euskal Burdinaren Museoaren inguruan osatu du eskaintza.
Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukera izango da Aste Santuko egunetan, baina denboraldia igande honetan, hilaren 27an, hasiko du. Igandean bertan jarriko dute martxan lehen aldiz.
Aste Santuan, apirilaren 15ean, 17an eta 24an jarriko dute martxan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan, eta sarreran ‘olapintxoa’ ere sartuta egongo da. Ogiaren Txokoarekin batera, Igeralde errota ere bisitatu ahal izango da, eta larunbatetan 16:00etan eta igandeetan 10:30ean izango da horretarako aukera. Bestetik, Txillida Lantokira eta Fabrikara 10:30ean egingo dituzte bisitak. Mirandaolako parkean, azkenik, pista joko bat egin ahal izango da, Burdinaren Museoan argibideak eskatuta.
Bisita guztiak egiteko, aldez aurretik sarrera hartu behar da. 943 73 04 28 telefono zenbakira deituta, edo helbide honetara mezu bat bidalita: mirandaola@lenbur.com.
Mirandaola, telebistan
Burdinola martxan ikusteko aukera aurrez ere izango da, telebistari esker, hain zuzen. TVEko lehen kateko Aqui la tierra saioko ekipo bat Legazpin izan zen duela aste batzuk, eta ostegunean eta ostiralean emitituko dituzte bi saio, 20:30etik aurrera. Ostegunean, hilak 24, Mirandaolan olagizonekin grabatutako saioa emango dute, eta ostiralean, hilak 25, Brinkolako Igeralde errotan grabatutakoa. Azken honetan Tibur Agirre agertuko da, ogia egiten.