Nadine Gill alemaniarrak irabazi du Igartza Saria, esprintean
Igartza Emakumezkoen Sariaren bigarren edizioa Nadine Gill Sopela taldeko alemaniarrak irabazi zuen, herenegun. Ricarda Bauerfeindek (Canyon-Sram) egin zuen bigarren eta Claire Steelsek (Sopela), hirugarren. Lierniko bigarren igoeran alde egin zuen hirukoteak eta Sopelako txirrindulariek bikain kudeatu zuten nagusitasun zenbakizkoa Bauerfeind behartzeko. Esprintean heldu ziren arren, Canyon-Sram taldeko txirrindularia nekatuta zegoen eta Gillek erraz menderatu zuen. Ia bi minutura heldu ziren Mireia Benito (Massi Tactic) eta Catalina Soto, (Bizkaia-Durango), 23 urtez azpikoen artean lehendabizikoa.
Gazte mailan Lucia Garcia (Costa Brava) kataluniarra izan zen nagusi. Azken kilometroan aurkariei eraso egin zien eta segundo gutxi batzuen aldearekin iritsi zen Nafarroa Etorbideko helmugara. Oneka Sanchez (Zatika) beasaindarrak 21. egin zuen, garailearengandik 1:19ra.
Kadeteetan, Paula Ortiz (Lacturale – Ermitagaina) nafarrak erakustaldia eman zuen. Proba hasi bezain pronto tropeletik alde egin zuen eta ihesaldia helmugaraino eraman zuen.
Tropel mardula
Master mailan, Rocio Martin (Talavera) espainiarra 30 urtetik gorakoen artean eta Carolyn Gaskell (Loro Parque) ingelesa 40 urtetik gorakoen artean izan ziren garaileak. Denera, 400 txirrindulari baino gehiago lehiatu ziren.













