Galdosena da eztirik onena
Udana eta Egizear baserri inguruko erleen lanari esker, Gipuzkoako ezti onenaren titulua irabazi du Jose Antonio Galdosek. Anaiak erakutsita, 17 urte daramatza eztigintza lanetan.
Zegamako Erlezain Egunean egindako ezti lehiaketak Gipuzkoako txapela ezarri zion Jose Antonio Galdos legazpiarrari. Telleriarte auzoko Egizear baserriaren azpi aldean eta Udana inguruan dituen erleen lanari esker ondutako eztia da Gipuzkoako onena.
Galdosek azaldu duenez, ezti hori «oso suabea da, likidoa, samurra jateko. Ez da basoan biltzen den eztia bezalakoa, loretan biltzen dena da, askoz ere suabegoa, eta gogortzen ez dena». Eta horrelakoa gustatzen zaie, nonbait, Gipuzkoako txapelketako epaimahaikideei.
Ez da telleriartear horrek irabazi duen lehen saria. Zegaman ere, bigarren saria irabazitakoa da duela hiru urte. Eta Santa Lutzi ferian bitan jaso du saria.
Erleena, gustuko mundua
Badira 17 urte Galdos eztigintzan hasi zela. «Iraila zen, eztia ateratzeko garaia», gogoratu du, «anaiak [Isidrok] esan zidan ea lagunduko nion eztia ateratzen, eta erlategira joandakoan, erleen mundua nolakoa zen azaldu zidan». Ordura arte erleei jaramonik ez ziela egin aitortu du, baina anaiaren azalpenak entzunda gustatzen hasi zitzaizkion. Erleak zaintzen eta eztia egiten ikasi zuen, eta gaur bereak dira baserriko erle denak. «Gustuko mundua dut orain».
Anaiarekin, eta erleen elkartearen babesean ikasi du Galdosek eztia egiten. Ikastaro bat egin zuen, Fraisoron, eta gero, «batzuetan frakaso, eta besteetan ondo», aurrera egin du.
Ia urte osoko lana
Eztigintzan hasteko, erlea zer den eta nola zaindu behar den ikasi behar dela dio. Urte osoan zaindu beharrekoa da, eta garai honetan janaria duela ziurtatu behar da. «Aurki lorea aterako da, txikoria belarra, sagar lorea, geriza loreak… horrekin lanean hasiko dira», eta erlauntzak betetzen hasiko dira. Eztiaren bilketa uztaila-iraila bitartean hasten dute eztigileek, eta Galdosen kasuan, aurten uztailean hasiko da lan horretan. Ondoren, ontziratu eta gorde egingo du. Urtean 150-200 pote inguru ateratzen ditu, eguraldiaren arabera.
Eztia atera eta gero, erleak erasotzen duen barroa akaroaren aurkako tratamendua dator. Egin beharreko prozesua da, erleak galdu ez daitezen. «Gaur egun erleen munduan dagoen ararozik handiena da, asiar liztorrarekin batera».
Garbiketa eta konpontze lanak ere orduan egiten dira. Negua datorrenean, berriz, jana badutela ziurtatu behar da, eta erlauntzan elikatzeko uzten zaien eztia jan eta gero, jarri egin behar zaie janaria, glukosa. Udaberria iritsitakoan, prozesua martxan jartzen da berriz ere.
Telleriarteko eztia
Jose Antonio Galdosek 18 erlauntz ditu guztira, Telleriarteko baserri azpiko zelaian eta Udana inguruko lursailean banatuta. Eta erlauntz bakoitzean, «orain 20.000-30.000 erle egongo dira, baina udan, produkzioan topera dabiltzanean, baita 60.000 ere». Egiten duten eztia, milalore deritzana da.
Eztia ez da erleen lanari esker atera daitekeen produktu bakarra, baina momentuz Galdosek horixe egiten du bakarrik, eta sariak ikusita, gaizki ez gainera. Ez du beste eztigile batzuek bezala erregina jalea, polena edo propolioa ateratzen. Argizaria bai, baina berriz ere erlauntzan jartzeko erabiltzen du batez ere.
Galdos ez da Gipuzkoako ezti lehiaketa irabazi duen lehen legazpiarra. Aurretik titulu hori jasota dute, besteak beste, Anastasio eta Martin Mujika Arrola aita-semeek, Mari Tere Madinabeitiak eta Floren Gutierrezek. «Legazpin eztigintzak tradizio handia du, eta gaur egun gutxienez zazpi eztigile daude herrian». Afizio polita dela dio Galdosek, «lan asko dauka, baina oso berezia da, mundu bat da».