Ikasle Abertzaleakek doako autobusak antolatu ditu manifestaziora joateko
Autobusak Beasaindik, Lazkaotik, Legazpitik, Ordiziatik eta Zumarragatik irtengo dira
Ikasle Abertzaleakek doako autobusak antolatu ditu biharko, ikasle grebaren harira Donostian egingo den manifestaziora joateko. Izena eman behar da tokia hartzeko: goi-Goierrirako 688 617 746 telefonora idatzi behar da eta behe-Goierrirako, 688 735 631 telefonora. Autobusa, alde batetik, Legazpiko anbulatoriotik irtengo dira eta Zumarragako Elizkalen egingo du geldialdia; bestalde, Lazkaoko Jose Lasa parketik ere abiatuko dira, Senpereko biribilgunean geldialdia egingo dute beasaindarrak jasotzeko eta gero, Ordiziako anexoan.
Gipuzkoa mailako manifestazioa izango da eguneko ekintza nagusia. 12:00etan abiatuko da, Ibaetako aulariopetik. Goierrin ez dute ekintzarik egingo. Eskualdean aurretik egin dituzte: Hezkuntza erreformak gelditu! lemapean lanketak egin dituzte ikastetxeetan eta asteburuan, Beasaingo frontoi txikian, informazio gunea antolatu zuten.
Aste honetan lan ezberdinak burutu ditugu M24ko grebaren harira ??
— Goierriko Ikasle Abertzaleak (@IAGoierri) March 19, 2022
“Auzi errelak gaindituko dituen sistema”, eske
Ikasle Abertzaleakek antolatu du biharko greba. LOSU, LOMLOE eta Lanbide Heziketako planak geldiarazteko presio egin nahi dute. «Erreforma guzti hauek ikasleontzat gatazkatsuak diren auziak landu baino, gizarte kapitalistaren beharrei erantzuten diote», azaldu dute greba deialdian. Ikasleen errealitatea «oso gordina» dela zehaztu dute: «Ebaluazio sistema estugarria, gure interes errealetatik urrun dagoen edukiaren lanketa, klase partikularren beharrezkotasuna, hezkuntza zerbitzuen murrizketak…», zerrendatu dituzte. «Arazo psikologikoak eta emozionalak geroz eta gehiago hedatu dira», ohartarazi dute. «Ikasleon auzi errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema» eskatuko dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzten manifestazioetan.
Ikas ikasleen sareak ere bat egin du deialdiarekin. «Hezkuntza erreforma prozesuaren aurrean beharrezkotzat jotzen dugu ikasleon autodefentsa sarea antolatzea», diote.