Kultur ekitaldi sorta antolatu dute Ataunen udaberri honetarako
Korrikaren eta euskararen inguruko ekitaldiekin hasiko da egitaraua, apirilaren 1ean. Zinema, antzerki, bertso eta dantza saioak ere prestatu dituzte.
Ekitaldiz ondo hornitu dituzte apirila eta maiatza Ataungo elkarte, talde eta eragileek. Guztien artean antolatu dituzten ikuskizun, emanaldi nahiz kontzertuak bateratu, eta atzo zabaldu zuen agenda udalak.
Datorren astean, euskararekin loturiko bi ekitaldi izango dira: Korrika badator festa apirilaren 1ean San Gregorion, eta Luis Mari Zaldua gidari hartuta Euskara eta natura ibilaldi gidatua, museotik, 2an.
Apirilean denetariko aukera egongo da: Zinegoak jaialdiko filmen emanaldia (5ean), argindar fakturak ulertzeko hitzaldia (6an), edo Jentilbaratzaren Potx eta Lotxen ibileren kontakizuna (6an). Bertsoak ere izango dira, Etxeratek antolatutako saioa apirilaren 9an da, antzokian.
Dantzarekin bi hitzordu
Berako dantza taldeak eta Otsoak herriko taldeak apirilaren 30ean saioa egingo dute, San Martin auzoan. Ez da dantzarekin lotutako bakarra izango: maiatzaren 22an Ataun San Gregorion Dantzari Txiki Eguna ospatuko da. Otsoak taldeak Kantu kolore ikuskizuna plazaratuko du, egun horretan.
Musikene kontserbatoriokoek organo kontzertua eskainiko dute maiatzaren 13an, San Martingo elizan. Jakoba Errekondoren hitzaldia (maiatzak 10), Erroten Eguna (8an) edo San Isidro baserritarren azoka (15ean) dira hileko beste aukera batzuk. Aia auzoan egingo dute aurten.