XX. lore eta landare azoka egingo dute igandean, bi urteko etenaren ostean
Gaur, Segurako kultur etxean, 'Partzuergoa trantsizioan' hitzaldia egingo du Aitor Montesek, klima aldaketara egokitzeko egitasmoa azaltzeko. Igandean 10:00etan irekiko dute azoka
Igandean XX. udaberriko lore eta landareen azoka egingo dute Seguran, azoka batzordeak eta udalak antolatuta. 2020an egin behar zuten hogeigarrena, baina pandemiagatik bertan behera utzi behar izan dute bi urtez, eta aurten heldu diote berriz ere. 2001ean antolatu zuten lehenengo aldiz azoka, loreak eta landareak, artisau lanak eta inguruko elikagaiak aurkeztu eta saltzeaz gain, herriko ondarea eta natura ezagutu eta zaintzeko helburuarekin.
Lurdez Imaz azoka batzordeko kideak azaldu du herria eta natura uztartu dituztela 20 urte hauetan azokaren bidez: «Asmoa zen ahalik eta herritar gehienek parte hartzea, ingurunea ezagutarazi eta zaintzeko ekintzak eginez». Hogei urte hauetan Oria ibaiaren ertzean eskolako ikasleekin zuhaitzak landatu dituzte, eta erakusketak, ibilaldi gidatuak eta hitzaldiak antolatu dituzte naturaren zaintzaren inguruan kontzientziatzeko.
Igandean, 32 postu
Martxoaren 13an ekin zioten aurtengo egitarauari. Mendi ibilaldia egin zuten hainbat herritarrek Aitor Montesekin, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak klima aldaketari aurre egiteko hartutako neurriak ezagutzeko. Gaur, 19:00etan kultur etxean, Montesek berak Partzuergoa trantsizioan hitzaldia egingo du neurri horien berri emateko.
Igandean izango da azoka. 10:00etan irekiko da, 15:00ak arte. Lore, landare eta barazkien hamabi postu jarriko dituzte, artisauen zortzi postu, eta Euskal Herriko hamabi ekoizleren produktuak ere egongo dira salgai. 10:00etatik 14:00etara, Txerto ezberdinak fruitarboletan tailerra egingo du Josu Osak.
Erakusketa ere bai
Hogeigarrena izango denez, urte hauetan egindako kartelak, argazkiak eta informazioa bildu eta erakusgai jarriko dute azoka gunean, eta ondorengo egunetan Ardixarra Etxean.