Zaldibian hiru antzezlan emanaldi egingo dituzte hiru egunetan, asteburuan
Udalbiltzaren 'Geuretik sortuak' sorkuntza programako bi lan aurkeztuko dituzte, ostiralean eta igandean. Aitziber Garmendia herritarraren eta Jon Plazaolaren 'Losers'-en bi saio, larunbatean.
Antzerki maratoia antolatu dute asteburu honetarako Zaldibian. Hiru antzezlan ikusteko modua izango da, Herri Antzokian. Sarrerak banatzen astelehenean hasi ziren herritarrentzat. Karreane kultur etxean gaur 17:30etik aurrera egongo dira soberakoak.
Udalbiltzak euskarazko sorkuntza Euskal Herriaren luze-zabalean loratzeko iaz garatu zuen Geuretik sortua beka-pogramakoak dira eskainiko dituzten hiru antzezlanetatik bi. Oier Zuñigari Bergaran, Elgetan eta Antzuolan (Debagoiena, Gipuzkoa) egokitu zitzaion antzerkia sortzeko egonaldia, eta haren fruitua da Eresia. Ostiralean egingo dute Zaldibian.
Garmendia ‘Losers’-en
Bestetik, Lore More antzerki taldeak Trapu zikinak ekarriko du igandean, Geuretik sortuak progamakoa hori ere. Oiartzunen (Gipuzkoa) izan ziren haiek. Denera, bost antzerki sorkuntza lagundu zituen Udalbiltzak.
Antzerkizko asteburuaren gailurra Losers izango da, larunbatean. Aitziber Garmendia zaldibiarrak eta Jon Plazaola urretxuarrak Losers (Galtzaileak) jokatuko dute. Bi emanaldi egingo dituzte, Herri Antzokian.
Txalo etxearen euskarazko egokitzapena 2019an estreinatu zuten. Adinean gora doazen Imanol eta Sara pertsonaiak gorpuzten dituzte.
Emanaldi bakoitzerako 100 sarrera jarriko dituzte.
ANTZERKIAK ZALDIBIAN
· Ostirala. Oier Zuñigaren ‘Eresia’. 18:30, Herri Antzokian.
· Larunbata. Txaloren ‘Losers’, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktore. Saioak 17:00etan eta 19:30ean, Herri Antzokian.
· Igandea. Lore More taldearen ‘Trapu zikinak’. 18:30, antzokian.
· Sarrerak. Kultur etxean, gaur.