Ziaboga hartuta, Lazkao ere festetarantz
Aurten, bai. San Prudentzio festak ospatuko dira Lazkaon. Bi urteko agorraldiaren ondoren, Goierriko lehenbiziko jai nagusiak izango dira. Ohiko egunak izendatuko dituzte, gainera: apirileko azken bi asteburu.
Pentsaezina zen 2019ko maiatzaren lehenean, Lazkaoko festak bukatu ziren egunean, berriro halako girorik ikusteko hiru urte luze igaro beharko zirenik. COVID-19aren pandemiak errotik zapuztu zituen 2020ko jaiak; herritarrak etxean konfinatuta zeuden, eta justu-justu, udaletxeko balkoitik suziria bota besterik ez zen egin. Drindots taldekoek ere grabatuta bidali behar izan zuten pregoia, haiei eman baitzieten ohore hori, agurrean.
Iaz ere, nahiz herritarrek mugimendu askatasun gehiago zeukaten apirilean, ez zen ezer antolatu, kutsatzeen beldur. Baina aurten, bai. Lazkaon San Prudentzio festak izango dira berriz, eta Goierri osoko lehenbizikoak gainera, 2020ko otsailetik.
Oraindik zer ekitaldi izango den jakinarazi ez badute ere, festa-egunak betikoak ospatuko direla onartuta dago. Apirilaren 22an hasiko dira jaiak, txupinazoarekin. 23a, larunbata, mozorrotuen eguna izango da.
Atzera San Prudentzio egunaren bezperan piztuko da jai giroa, 27 asteazkenean. Eta igandera arte, etenik gabe berreskuratuko dituzte lazkaotarrek azken bi urteetako gabeziak. Kuadrillen eguna 30a izango da.
Mozorro egunerako izenak
Apirilaren 23ko mozorrotuen egunerako izen-emate epea ireki du udalak. Kuadrillek atera ohi dituzten karroza, ibigailu eta jaimen jarioa ordenatu ahal izateko, baimena eskatu beharko da udalean. Eskaera apirilaren 8rako aurkeztu behar dira.
Zenbait baldintza ipini dituzte halako trasteak kalean erabili ahal izateko. Eskaera egitea nahitaezkoa izango da, karpek, karrozek edo ibilgailuek taldearen mozorroarekin lotura eduki beharko dute, karpak ezin dira erabat itxiak izan, plazako ekitaldiak eta ordutegiak errespetatu beharko dituzte, eta erabili ondoren jaso egin beharko dituzte jabeek. Arau eta guzti, baina badatoz berriro festak.