BKLko gidaritza, errelebo eske
Zuzendaritzarik gabe gelditzeko arriskua «benetakoa» dela diote. Kirol arloari dagokionez, «azken urteetako denboraldi onena» izaten ari dela azpimarratu dute
BKLko zuzendaritzak aldaketa eskatu du. Aulkitxoan, baina, ez dago inor. Horregatik, jokalariei, gurasoei, klubetik pasatakoei eta saskibaloi zaleei laguntzeko deia egin diete, erreleboa bermatzeko. «Beharra dago. Ez da kapritxo bat», zehaztu zuen Miguel Perez idazkariak Igartzako Jauregian egindako batzar orokorrean. «Neketsua den ardura da eta tarteka aldaketak egitea beharrezkoa da».
Egungo zuzendaritzaren gehiengoak duela bost urte hartu zuen taldearen gidaritza. Bidean, «asko» eman dutela eta «nekatuta» daudela azaldu zuen Perezek. «BKL ez da gure bizitza», espezifikatu zuen. «Ez behintzat bizitza nagusia. Aldi berean lana, familia… ditugu». Orain, arrazoi ezberdinak tarteko, zuzendaritzako kideei bizimodu paralelo horiek lehenestea dagokiela espezifikatu zuen.
Hiru aukera aurreikusi dituzte. Bat, «kosta ala kosta ekidin beharreko», zuzendaritzarik gabe gelditzea. «Egoera okerrena izango litzateke», diote, kluba noraezean geldituko litzatekeelako, jokatzeko aukerarik gabe eta, funtsean, desagertzeko arriskuan. «Benetako» arriskua dela ohartarazi zuten; bestea, lan-joerak aldatu nahi dituen zuzendaritza bat agertzea. Zuzendaritzaren ustez pausoak «ongi» egiten ari diren arren norbaitek beste era batera gidatuta hobeto egingo lukeela uste badu, aukera du. «BKL demokratikoa da», deskribatu zuen idazkariak; eta hirugarrena, egungo ildoari jarraituko liokeen zuzendaritza berria sartzea. Gutxi gorabehera, urtero lan beretsuak egin behar direla azaldu zuten, eta egungo lan-taldea prest dagoela pilatutako ezagutza transmititzeko eta laguntzeko.
Diruz, ongi
Orain arte egindako lana defendatzeko datu ekonomikoak aletu zituzten. Pandemiak balantzeak hankaz gora jarri zizkien arren, laguntza instituzionalari eta babesle handiei esker, «ongi» eutsi diotela esan zuen Perezek. «Egonkor gaude. Ez gaude estu eta larri». Ez da gutxi. 2020ko udan pandemiaren eragina baretu zenez eta txapelketak hasi egingo zirela zirudienez fitxak egin egin zituzten, horrek dakarren gastuarekin. Halere, neguan pandemia oldartu egin zen eta txapelketak bertan behera gelditu ziren, eta taldeei aukeran utzi zieten entrenatzen jarraitu ala ez. Erabakia edozein izanik ere, kuotak ez kobratzea erabaki zuten.
2021/2022 denboraldian ohiko martxa berreskuratu dute, ahal den neurrian. Pandemiaren oihartzuna entzuten da oraindik: gizonezkoen talde nagusiak mailari uko egin behar izan zion eta emakumezkoen senior taldea ezin izan zuten atera, jendeak utzi egin zuelako eta ez zirelako nahikoak. Halere, «azken urteetako denboraldirik onena» izaten ari dela esan zuen Brais Gonzalez kirol zuzendarietako batek. Arri BKL Biurin, gizonezkoen talde nagusia, Gipuzkoako bigarren mailako txapeldun izateko borrokan dabil. Hamazazpi partidetatik hamabost irabazi dituzte; BKL Esparru ere, emakumezkoen talde gorena, goiko postuetan dabil. Euskal Ligara igotzeko fasea ere jokatu zuten urtarrilean.
Dozena bat talde izan arren, kirol arloan lan egiteko jende beharra ez da horren larria. BKL Academy deitu dioten entrenatzaile-eskola lehen urratsak egiten ari den aurten. Datorren denboraldian talde gehiago izatea aurreikusten dute, gainera. Senior emakumezkoen taldea berreskuratuko dutela espero dute. 2022/2023rako izen ematea maiatzean irekiko dute.













