Emakumeen Gipuzkoako txirrindulari Txapelketa jokatuko da larunbatean
Seguran bi proba izango dira: kadete eta junior mailakoa 09:00etan, eta elite eta 23 urtez azpikoa 11:00etan. Aurreikuspenen arabera, 160 txirrindulari izango dira irteera puntuan
Emakumeen Segurako Saria jokatuko da larunbatean. Gipuzkoako txirrindularitza Txapelketa izango da, kadete, junior eta elite mailetan. Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatutako sei lasterketetatik lehenengoa izango da, eta Gipuzkoako txapeldunak nortzuk diren erabakiko da. Bi lasterketa jokatuko dituzte. Batetik, kadete eta junior mailakoa, eta bestetik, elite eta 23 urtez azpikoa.
Kadete eta junior mailakoen lasterketa 09:00etan hasiko da, eta 51,7 kilometroko ibilbidea egingo dute. Lasterketaren lehen zatia Segura eta Zegama artean egin beharko dute. Ormaiztegi, Gabiria eta Ihurretik pasa ondoren, Segurara itzuliko dira. Probaren amaieran, 4 kilometroren faltan, Lierniko gaina igo beharko dute. Bertan erabaki daiteke probaren irabazlea. Segurako plazan izango da helmuga.
Lehen lasterketa amaitu eta gero, 11:00etan, elite eta 23 urte azpikoen txanda izango da. 84,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Seguratik Zegamara joan-etorria egingo dute hasteko, ondoren Ihurretik barrena Ormaiztegira joan eta Liernira igoko dira txirrindulariak, bertatik Segurara itzultzeko. Lierniko zirkuitu horri hiru itzuli eman beharko dizkiote. Proba amaitzeko Seguratik Zerainera igo eta Mutiloatik helduko dira txirrindulariak Segurako helmugara.
Boluntario lanak
Aurreikuspenen arabera, 160 txirrindulari izango dira irteera puntuan. Segurako Txirrindulari Elkarteak 50 boluntario baino gehiago beharko ditu proba behar bezala antolatzeko. Larunbatean bidegurutzeak zaintzen lagundu nahi dutenek elkarteko kideekin jarri behar dira harremanetan. Lasterketa hasi baino ordubete lehenago joan beharko dute plazara bidegurutzeen zaintza kudeatzeko.
Elkarteak gidaritzan errelebo aldaketa egin du aurten, eta orain arte herrian egiten ziren sei probei eustea lortu du. Elkarteak diruz lagundu duten enpresa eta erakundeen laguntza eskertu du, eta baita probak antolatzen lagundu duten guztiei ere. Segurako hurrengo proba, alebin eta infantilen eskolartekoa, apirilaren 10ean izango da.