Idiazabalen goitibehera txapelketa jokatuko da larunbatean, 24 goitibeherekin
Larunbatean XX. Goitibehera Txapelketa jokatuko da Idiazabalen. San Blas jaien bueltan ospatu ohi da, baina pandemiagatik iazkoa bertan behera geratu zen eta aurtengoa, aldiz, larunbatera atzeratu behar izan dute. 24 taldek eman dute izena parte hartzeko.
Larunbatean XX. Goitibehera Txapelketa jokatuko da Idiazabalen. San Blas jaien bueltan ospatu ohi da, baina pandemiagatik iazkoa bertan behera geratu zen eta aurtengoa, aldiz, larunbatera atzeratu behar izan dute. 24 taldek eman dute izena parte hartzeko. Neumatika, arina eta drift trike modalitatetako goitibeherak ikusteko aukera izango da. Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioko Euskal Ligako lehenengo txapelketa da Idiazabalgoa. Euskal Herriko 18 talde ariko dira, eta Kantabriako sei. Gorrotxategi granja ingurutik elizara jaitsiko dira.
Neumatika modalitateko hamaika goitibehera izango dira, bost goitibehera arin eta zortzi drift trike. Adin ezberdinetako parte hartzaileek jokatuko dute txapelketa, 10 urtetik 60 urtera arte. 15:00etan hasiko da proba. 13:30ean egiaztapen tekniko eta administratiboak egingo dituzte, 14:30ean berifikazioa eta kontrolaren itxiera egingo dute, 14:35ean onartuen zerrenda aurkeztuko dute eta 14:45ean izango da erremontea. Idiazabaldarren artean, Saioa Elorza Aierbe izango da partaide bakarra. Kopilotu gisa parte hartuko du, neumatika modalitatean.
Aparkalekua itxita
Txapelketa dela eta, Apaizetxe ondoko aparkalekua itxita geldituko da. Debekatuta egongo da bertan aparkatzea larunbatean, 07:00etatik 22:00etara.