Korosti, larunbateko jaialdiaren biharamunarekin
Legazpiko dantza taldeak 'Denbora makina' ikuskizuna egin du asteburuan, 30 urteen errepasoa eginez.
Korostiren Denbora makina-k atzera bidaia egin zuen larunbat arratsaldean Urbeltz pilotalekuan, eta dantzaz baliatuta, taldeak Gabonetan eskaini ohi izan duen jaialdiaren 30 urteen errepasoa egin zuten dantzariek eta musikariek. Dantza klasikoetatik hasita, gaur egungo dantza modernoagoak erakutsi zituzten adin askotako dantzariek.
Egun batzuetara, oraindik biharamun gozoaren arrastoak gainean dituzte Korostikoek. Amaia Aizpurua taldekideak jaialdia «oso ongi» egon zela nabarmendu du, «Urbeltz tope bete genuen, sarrerak agortu ziren eta ikusleei, ematen duenez, asko gustatu zitzaien, hori da esan digutena behintzat».
Dantzaz gain, 30. urterreneko jaialdiak omenaldiak ere izan zituen. Taldeak aitortza egin zien «urte guzti hauetan jaialdia aurrera ateratzeko lan egin duten pertsona batzuei». Eta omenduak izan ziren Dani Garcia de Andoin, Luis Mari Aizpurua, Josetxo Maiz, Gurutze Arruebarrena, Aitor Madina, Iñaki Letamendia, Alaine Elkorobarrutia, Joseba Villareal eta Jokin Matxinandiarena.
Hurrengoa, Dantzari Txiki
Gabonetan egin ezin izan zuten jaialdi berezi honekin hasita, Korosti ohiko agenda berreskuratzen joango da. Legazpiko Dantzari Txiki Eguna izango da hurrengo hitzordua. Formatua aldatuta egingo da aurten, ekainaren 5ean.