Loratu da udaberriko lehen azoka
Lore aukera zabala, eta handituko da oraindik ere. Eta zer esanik ez landareena. Hasi da jendea poliki-poliki baratzeko lanetan udako emaitzen itxaropenean.
Goiz dotorea udaberriko lehenengo azokakoa. Hamar graduren bueltan hasita, brisa antza sentitzen zen baina ez aurreko egunetako haize zakarrik.
Izan ere, bezperan, Beasaingo azokan inon diren guztiak eramateko indarrean jo zuela aipatu zuten han izan ziren saltzaile batzuk.
Udaberri zantzuak bai, baina adi oraindik. Iaz gaurko egunez izotz polita bota zuen, beraz landare eta lore geroz eta gehiago dira aukeran, baina dugun tokiaren arabera, zer, non jarri zuhurtasunez neurtu behar da.
Izan ere tentazioan erortzea hain da erraza! Udaletxe aurreko lore postuak ikustea besterik ez: Aramako Urretabizkaia eta Zaldibiako Azanza. Neguan salgai izan diren azalea, biola, pentsamendu eta ziklamenak oraindik hor jarraitzen dute, eta denboraldi berri honetarako aukera nabarmen zabaldu dute aste batetik bestera. Besteak beste igandean Seguran izango den Lore eta Landareen azokari begira.
Hala nola, Geranioa eta Huntza 2,5-2,9 euro artean. «Hauek klasikoak, betikoak edo… aukera zabaltzen ari da baina oraindik hauek saltzen dira gehien», adierazi du Aramako M. Dolores Mendizabalek.
Gineako alegria 4 euro, Dimorfoteka 5-8 euro artean, Fuksia edo «belarritakoak» 8 euroan, Kalendula bikoitza 3 euroan, Kanpandula 4,5-8,5 euro artean, Klabela eta klabelina 3-5,5 euro artean, Petunia, 2 euroan, Surfinia 2,5-2,8 euroan, Begonia txikia 2 euroan.
Landareetan mugimendua
Ohar bera landareei dagokionez, oraindik hotzak galtzeko arriskua bada. Ez du horrek aukera zabaltzea eragozten, bakoitzari dagokio toki aproposa hautatzea. Azelga edo zerba 0,12 zentimotan bakoitza, leka 0,40, orburua 0,80, piper italiarra eta pipermina 0,15.
Momentuan salduena tipula 3,5€/ehuneko sorta, martxoko ilbeheran gaude eta adituen arabera hauxe da aldatzeko garairik aproposena. Urteko porrua 4€/zientoa salgai da.