Ordiziako Emakumeen Jabekuntza Eskolak egoitza berria du
Goizean egin dute aurkezpen ekitaldia, herriko emakume ugari elkartuz.
Urtebeteko prozesuaren ondoren, eta hainbat ekintza burutu eta gero, Ordiziako Jabekuntza Eskolak egoitza berria estreinatuko du. Torrea etxean dago, lehen KzGuneak zuen lokalean, eta herriko emakume ororentzat irekita dago, apiriletik ekainera bitarteko ikastaro eta tailer egitarau eta guzti.
Gaur egin dute herriko emakumeei egoitza hori erakusteko ekitaldia, eta bertan izan dira aurkezpena egiten Ainhoa Jimenez Ordiziako Gizarte gaietarako udal zinegotzia, eta Jabekuntza Eskolaren martxan jartzea gidatu duen Eihera elkarteko Kattalin Miner eta Laura Muelas. Hiruek lorpentzat hartu dute Jabekuntza Eskolaren egoitza irekitzea, eta hemendik aurrera emakumeen topagune izatea eta guztien artean edukiz hornitzea jarri dute helburutzat.
Ekitaldian Bea klown ikuskizuna ere izan da, eta Divinas taldeak dantza ikuskizuna eskaini du. Amaitzeko, luntxa izan dute bertaratuek, musikaz girotuta.