Antonio A. T. lanean arnastutako silize-hautsak hil zuela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak
Langileak Beasaingo Estanda galdarategian eta Hijos de A. Telleria teila ekoiztetxean egin zuen lan
Antonio A. T. lanean arnastutako silize-hautsak hil zuela ebatzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Donostiako Lurralde Auzitegiak esandakoa baliogabetu du. Izan ere, aurreneko epaiak baieztatu zuen Antonio silize-hautsak hil zuela, baina ez zuen frogatutzat jo hautsa lanean arnastu zuela. Langilearen sendiak errekurtsoa jarri zuen eta, bigarrengoan, arrazoia eman diete.
Antonio A. T. 1964 eta 1990 urteen artean, aldizka bada ere, Estanda S. L. galdarategian egin zuen lan. Hainbat lan egin zituen arren, gehienbat esmerilarekin aritu zen. Hijos de A. Telleria teila ekoiztetxean ere egin zuen lan urtebetean. Antonio 2017an hil zen, biriketako arazoak medio.
Asmiavie “pozik” agertu da epaiarekin. “Beste behin ere, sententziak tabakoaren ohiturari errua botatzeko ahaleginak zapuztu ditu”, esan dute. Amiantoaren biktimen elkartea enpresen jarrerarekin kexu agertu da, tabakoari egozten baitizkiote elemetu kantzerigenoekin lan egin zuten langileek paraitzen dituzten gaixotasunak. “Horregatik, premiazkotzat jotzen dugu agintari eta profesional sanitarioen inplikazioa gaixotasun horien jatorria ikusteko, prebentzio-neurriak zorrozteko eta lanpostuetako xurgapen-sistemak hobetuzeko”, diote.