Garraiolarien protesta Goierritik abiatu da
Hiru garraiolarien sindikatuak deituta, kamioilariek protesta egin dute gaur N-1 errepidean, Olaberriatik abiatu eta Iruneraino.
Espainiako Gobernuak egindako proposamena ez onartzea erabaki eta gero, Hiru euskal garraiolari autonomoen sindikatuak grebarekin eta protestekin aurrera jarraitzea erabaki du. Gaur, errepidera atera dira, gainera, eta kamioi karabana egin dute Gipuzkoan barrena. Olaberriako saltoki gunean elkartu dira, arratsaldeko 16:00etan, eta handik abiatuta eta Iruneraino joan-etorriko bidea egin dute, N-1 errepidetik. Bidean, hainbat herritarren babesa ere jaso dute; Ordizian, esaterako, garraiolarien aldeko pankarta bat ikus zitekeen.
Madrilgo Gobernuaren eta Espainiako Errepideko Garraioaren Batzordearen arteko akordioarekin oso kritiko agertu da Hiru. Garraiolarien ustez, ez baita nahikoa: “Beste behin ere garraio-enpresa handien interesak lehenesten ditu, hain juxtu garraiolari autonomoek bizi duten egoera txarraren errudun nagusienetako batzuenak, 400.000 eurorainoko saria eman die enpresa bakoitzeko zuzeneko laguntzetan”. Aldiz, azpikontratazioen gaia, garraio-zerbitzua kostuen azpitik egiteko debentua edota 60 urterekin erretiroa hartzearena, adibidez, ez dira aipatu ere egiten.
Euskal administrazioekiko harremanetan, berriz, aurrerapausoak eman direla uste dute: “ateak ireki zaizkio gure ikuspegiari eta eskaerei”. Hala ere, administrazioen utzikeriak eta haien eskaerak kontutan hartu ez izanak, egoera honetara behartu dituztela salatu dute.