Igartubeitiko sagardoa, ona
Kabia jatetxeko Juanma Hurtado eta Jaione Garmendiak arduratu dira aurten Igartubeitiko Txotx ekitaldiaz. Larunbateko Barrikote festak haurrak ez ditu ahaztu, ezta musika ere.
Aazken asteotan gastronomiaren munduan laudorioak besterik jasotzen ez dituen Kabia jatetxeko Juanma Hurtado eta Jaione Garmendia arduratu dira aurten Igartubeitiko txotx ekital- diaz. Zumarragan dago jatetxea, baina Hurtado eta Garmendia Ezkion bizi dira, eta herrikideen omenaldia jaso zuten sagardo berria dastatzeko lehenak izanda. Larunbat arratsaldean gertatu zen, Barrikote festaren barruan.
Urrian baserriko dolare zaharrean egindako sagardoa dastatzeko aukera bakarra da Barrikote festak ematen duena. Aurtengoak 18. edizioa bete du, eta txotxaz gain, beste ekintza batzuk osatu dute.
Festa arratsaldeko lehen orduan hasi zen, haurrei zuzendutako tailerrekin. Barrikotearekin eta sagardoarekin zerikusia daukaten eskulanak egin zituzten txikiek interpretazio zentroan, gurasoek lagunduta..
Baserrian, sagardo kupela edo barrikotea ireki aurretxoan, kirikoketa eta txalaparta entzuteko aukera izan zen. Ondoren, trikiti doinuekin alaitutako afari-merienda egin zuten kanpo aldean, egiten zuen eguraldi paregabeak lagunduta.
Sagardo «ederra»
Aurtengo sagardoa gozoa eta edateko erraza atera da Igartubeitin, «ona, ederra», Hurtadok eta Garmendiak azaldu zuten bezala, eta dastatzeko aukera izan zutenek berretsi zutenez.
Sagardoa dastatzera emanda, sagarrararekin lotutako zikloari amaiera ematen dio Igartubeitik. Urrian, Sagardo astean, dolarea jartzen dute martxan, sagarra prentsatzeko, eta hortik ateratako muztioa barrikan sartu eta irakiten uzten dute hilabete batzuez, sagardoa prest dagoen arte.












