Korrikaren historia jasotzen duen erakusketa dago ikusgai Legazpin
Edizio honetan Korrika Legazpitik ez dela igarotzen-eta, euskararen aldeko ekimen horretaz beste era batera gozatzeko gonbidapena luzatu die Burdinola elkarteak legazpiarrei erakusketa honekin.
Apirilaren 8ra arte, Korrikaren historia jasotzen duen erakusketa egongo da ikusgai Legazpiko Kultur Etxean, Burdinola elkarteak antolatuta. Erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera dago zabalik, 17:30etik 20:30era.
Azkena izan ezik, Korrikaren edizio guztiei eskainitako panelez osatuta dago erakusketa, bakoitzean argazkiak, leloak, logoak eta omenduak jasotzen direla. Petoak ere ikusgai daude.
Aurten ez da Korrika Legazpitik igaroko, baina euskararen aldeko ekimen hori beste era batera bizitzeko gonbidapena luzatu die Burdinolak legazpiarrei. Korrika hilaren 31tik apirilaren 10era bitartean egingo da. Urretxu-Zumarragatik 8an pasako da, 15:45 inguruan, eta Legazpitik bertaraino kalejiran joateko deialdia egingo dute. Bestetik, Korrika txikia apirilaren 7an egingo da, 11:00etan hasita.