Udaberria iritsi da Ilintira
Garagunearekin elkarlanean, kanpaina berria jarri du martxan. Merkatari elkartea oso aktibo dabil azken hilabeteetan, teknikari bat kontratatu ondoren. Aurten 30 urte betetzen ditu
Ilintik kolorez eta lorez bete ditu Legazpiko dendak Udaberria badator kanpainaren aitzakian. Inauterietan bezala, oraingoan ere Garagunearen laguntza izan dute herriko merkatariek kanpaina berri hau aurrera eramateko garaian, bertako erabiltzaileek egin baitituzte saltokietako apaingarriak. Duela gutxi elkartera batutako Puy Zalduendok ere apaindu du bere taxia.
Udaberriko kanpaina honetan 900 txartel banatuko ditu Ilintik. Bezeroek sei establezimendu desberdinetako sei zigilurekin bete beharko dituzte apirilaren 8ra arte, eta trukean landare bat jasoko dute opari Garagunean, Mimaru lore dendan edo Laubide belar dendan.
Ilintiren eta Garagunearen elkarlanari esker, zerbitzu horretako erabiltzaileen inklusioa bultzatu nahi da.
Komertzio gutxiago
Ilintik 30 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko ekintzak prestatzen hasi da. Herriko merkataritza bultzatzeko sustapenak ere bata bestearen atzetik ari da antolatzen, eta bazkide berriak lortzeko kanpaina du indarrean. Horrela, azken hilabeteetan oso aktibo dabil elkartea, eta horretan zerikusi handia du Urola Garaiko Mankomunitate mailan bigarren merkataritza teknikari bat kontratu izana.
Une honetan Ilintik egoera gazi-gozoa bizi du, Legazpin, beste herrietan bezala, komertzioa, betiko denden kopurua, jaisten ari delako. Gaur 42 bazkide ditu, sektore askotakoak, horietatik batzuk berriak. Dendak eta zerbitzuak dira.
Merkataritza bultzatuta, herria bizirik mantentzea da elkartearen helburu nagusia. Horregatik, hutsik geratzen diren lokalen inguruan, edo kirolarekin berriki gertatu den bezala, Legazpin hainbat sektore desagertzearekin kezkatuta dago. Herrian bertan erostea oso garrantzitsua dela defendatzen du.