Bi hildako eragin ditu gas isuri batek Zaldibian
Santa Fe kaleko etxebizitza batean izan da ezbeharra, goizeko zazpiak aldera. Larrialdi zerbitzuak bertan dira.
Zaldibiako etxebizitza batean gas isuria gertatu da, gauean, eta bi hildako eragin ditu. Santa Fe kaleko 58. zenbakiko etxebizitza batean gertatu da ezbeharra, Eskribau deritzon pisu-blokearen baxu batean. Karbono monoxidoa arnastuta familia bere bi lagun hil dira: 26 urteko ama eta 17 hilabeteko semea. Aita Zumarragako Ospitalera eraman dute, baina arriskutik kanpo da.
Goizeko zazpiak inguruan, aita konturatu da gas isuriaz, ondoezik sentituta. Berak jo du alarma, auzokideen artean. Larrialdi zerbitzuetako suhiltzaileak, ertzainak eta anbulantziak joaterako, ordea, ama eta umea hilda zeuden.
Lehen ikerketaren arabera, sukaldeko galdara batetik sortu da monoxido isuria. Goizean zehar, teknikariak, elektrikariak eta suhiltzaileetako adituak sartu-irtenean ibili dira etxebizitzatik. 11:00etan, artean bi biktimen gorpuak bertan zeuden.