Ordizian Goierriko pentsiodunen arteko olinpiadak jokatu dira
Ordiziako Zuhaizti gizarte zentroan jokatu da Goierri beheko jubilatuen elkarteen arteko joko txapelketa. Ordiziako, Legorretako, Olaberriko, Zegamako, Ormaiztegiko eta Segurako ia 70 pertsona elkartu dira.

Hasi da poliki-poliki lehengo itxura hartzen. Bi urteren buruan, Goierriko pentsiodunen elkarteen arteko joko txapelketa jokatu zen atzo Ordiziako Zuhaizti zentroan. Ohi baino parte hartze txikiagoarekin, baina giro ederrean eta berriro ere txapelketa jokatu delako ilusioz beterik aritu ziren. Ordiziako, Legorretako, Olaberriko, Zegamako, Ormaiztegiko eta Segurako jubilatuen elkarteetako ia 70 partaide izan ziren guztira.
Zuhazti zentroan bertan egin zituzten mahai eta karta jokoak, eta zentroaren kanpoko aldean berriz, tokan, igel jokoan, eta botean. «Bi urte jokatu gabe eta punteria hobetu beharrean gaude», adierazten zuten umoretsu. Nabaria zen oso pozik zeudela jarduera hau berreskuratu izanagatik, «elkartzeko» aitzakia ere badelako. Txapelketaren ondoren, mokadutxo bat eta sari banaketa egin zuten ondoren.
Goierri beheko modalitate bakoitzeko irabazleek, Tolosaldeakoen aurka jokatuko dute hurrena. Fase guztiak gainditzen dituztenek, Altzan jokatuko den finalean izango dira.