Ibilbide motza ere gehituta jokatuko da Leharrei mendi karrera zapatuan Gabirian
Lasterketa luzeak ohiko 24 kilometro eta 1.300 metro positibo izango ditu; motzak, 15 km eta 800 metro. Partaidetza marka hautsiko du V. Leharreik. Girotze ekitaldiak bihar hasiko dira
Gabirian larunbatean jokatuko da V. Leharrei mendi lasterketa. Aurreneko aldiz bi proba izango ditu: trail distantziako ohikoa, eta estreinako aldiz esprint motako motzagoa, 15 kilometrokoa eta 800 metro positibokoa. Goierri Kopa Trail ligarako puntuagarriak izango dira biak.
Bi urteko etenaren ondotik, ibilbide motza txertatzea du berritasun handi Leharreik, nahiz eta 2020ko apirilaren 4rako programatuta zeukaten; ez zen jokatu, itxialdiagatik. Luzeko korrikalariak 09:30ean aterako dira, eta laburrekoak 10:00etan.
Beste aipagarri bat, partaidetzaren marka berria izango da. Orain arte denera 200 korrikalari hartu izan dituzte gehienez, karrera bakarra izaki. Aurten, biak batuta, 250era igo dute gehieneko kopurua: luzean 150 eta motzean 100. Bart gauerdian itxi dute izen-ematea, bi egun luzatu ostean, lekua bazegoelako. Atzo eguerdian 201 lagun zeuden izena emanda, luzerako 129 eta motzerako 72.
Ibilbidean aldaketak
Bi ibilbideei eragingo dien bide aldaketa bat sartu dute antolatzaileek, Aztirian, pinudi bat bota ondoren narras dagoelako. Aizaleku tontorretik behera, Legorburura zuzenean jaitsi ordez, Garakoetxera irtengo dira. Ibilbide motzekoek, lehen aldia dutenez, 15 kilometroko bidea estreinatuko dute. Herrigunetik abiatu, eta Murgilen, goraino baino lehen, ezkerrera pista hartuko dute, Otsategi burura irteteko. Eiz etxetik goitik behera Zuazolagarakora irtengo dira, eta errepidea gurutzatuta, Errotaberri aldeko erreka sakoneraino jaitsi gero, luzekoen bidera.
Aizalekura segiko dute handik, denek. Gero, Biurraingo txaboletan Otañura hartu beharrean, pistaz zuzenean Aztiriara itzuliko dira motzekoak, eta helmugara arte besteen bera egin.
Ohiko sariak egongo dira: sailkapen nagusietako lehenengo hiru gizonei eta hiru emakumeei, eta Leharrei-Ternua sari berezia, Learregi deritzon azken aldapa azkarren igotzen duten mutilari eta neskari. Ternua etxeko jaka bana jasoko dute horiek (3 ordurako pasatu behar da beheko kontroletik).
Dokumentala eta boulderra
Helmugan, irten direnen artean opariak zozkatuko dituzte. Dutxak frontoiko aldageletan izango dituzte korrikalariek, baita zisterna batetik ura ere, botak garbitzeko. Arropa gordailua Osinalde elkartean egongo da. Bazkari zerbitzua ere emango dute Osinalden, plater konbinatuekin. Karreran, guztira 60 boluntario ariko dira lanean; haien eta babesleen laguntza ere eskertu dute antolatzaileek.
Dortsalak ostiralean (18:00-20:00) eta larunbatean (08:00-09:00) hartu ahalko dituzte partaideek, opari poltsarekin batera (Ternua elastikoa eta buff-a).
Leharrei girotzeko, bihar Aconcagua, harria egarri dokumentala emango dute, 18:30ean, kultur etxean. 2019ko neguan Ander Ibarguren, Unai Segurajauregi eta Julen Agiriano izan ziren Aconcaguan.
Ostiralean, berriz, III. Kaleko Eskalada Txapelketa edo street boulderra jokatuko da, eguraldiak uzten badu, 18:00etan, herrigunean (izena 17:30ean).
Leharrei mendi karrerak
TRAIL IBILBIDE LUZEA
Irteera. 09:30. Apirilak 2. Denbora muga. 4,5 ordu. Ibilbidea. 24 km, +1.800 m. Korrikalariak. 150 gehienez. Kontrolak. 1) Aizalekun 3 ordu (13,5. km-a); 2) helmugan 4,5 ordu. Hornidura guneak. 5.
ESPRINT IBILBIDE MOTZA
Irteera. 10:00. Apirilak 2. Ibilbidea. 15 km, +800 m. Korrikalariak. 100 gehienez. Hornidura guneak. 3.