Ordiziako osasun zentroa handitzeko lanak hasi dira
Domingo Unanue plazako mailan ari dira lanean. 1,7 milioi euroko aurrekontua du obrak. Aurreikusitakoaren arabera hamabi hilabeteko iraupena izango dute obrek
Osakidetzako osasun zentroa handitzeko lanekin hasi dira Ordizian. Hala, posible izango da «herritarrei ekipamendu zabalagoa eta modernoagoa ematea, azken urteotan nabarmen gora egin duen biztanleriak dituen osasun arreta premiei erantzun bat emateko», adierazi dute Osakidetzatik. Etxezarreta kaleko 11. zenbakian kokatzen den osasun zentro honek, Ordiziako herritarrei ez ezik, mugakide diren Itsasondo eta Zaldibiari ere ematen die zerbitzua.
Zentroa handitzean, osasun-zentroak Familia Medikuntzako bederatzi kontsulta, erizaintzako bederatzi, pediatriako bi, erizaintza pediatrikoko bi, emaginaren kontsulta eta beste zerbitzu batzuk izango ditu, hala nola botikina, sendaketa-gela eta odola ateratzeko gela, liburutegia, gimnasioa edo larrialdietako gela bat. Azpiegitura handitzearekin eta hobetzearekin batera, «asistentzia babesa handitzeaz gain, denbora gehiago eskaini ahalko zaie beste eginkizun batzuei ere; txertaketa edo jarduera komunitarioari, besteak beste».
Ordiziako Udalak osasun-zentroaren azpian dauden lokalak laga izanak aukera eman du zentroa handitzeko lana egiteko; obrak 1,7 milioi euroko aurrekontua du, eta hamabi hilabetean amaitzeko epea aurreikusten da. Obrak bi fasetan egingo dira: lehen faseak lau hilabete iraungo du, eta bigarrenak, zortzi hilabete. Asistentzia ez da etengo; izan ere, modulu batzuk ipini dituzte Domingo Unanue plazan obrak iraun b egongo direnak.
Ordiziako osasun-zentroa handitzeko lanaren bidez, «beste urrats bat gehiago eman da Lehen Mailako Arreta sendotzeko helburuan, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren lehentasunetako bat dena».