Apirilaren 8an, «plan perfektua»
Goierriko Korrikako koordinatzaileak buru belarri ari dira, herrietako eragileekin batera, aurtengo edizioa antolatzen. Aspaldiko partez, Korrika egun argitan pasako da Goierritik, 15:00etatik 21:00ak bitartean, hain zuzen ere.

Azkenean bai. Aspaldiko partez, azkenean, arratsalde-iluntze partean zeharkatuko du Korrikak Goierri. Ostirala izango da gainera. Apirilaren 8a da, hain zuzen ere, egun handia. Urretxutik Legorretara arte 15:00etatik 21:15ak artean, goierritarren artean eskuz esku ibiliko da Korrikaren lekukoa. Apirilaren 8rako, «plan perfektua» daukate goierritarrek, Goierriko Korrikaren koordinatzaileak diren Aitor Aguadok (Goierri behea) eta Beñat Ibañezek (Goierri garaia) ziurtatu dutenez.
Aurtengo Korrika berezietan bereziena izango da Ibañez eta Aguadorentzat. Txiki-txikitatik Korrikan parte hartu badute ere, aurten, Korrika barru-barrutik biziko dute, eurak baitira Goierriko koordinatzaileak. Ibañezen esanetan, «esperientzia polita dela iruditzen zait. Ez da gainera normalean egiten den ekitaldi bat». Aguado ere gustura dabil antolaketan, ikusi baitu «jende askorengan izugarrizko motibazioa» sortzen duela. Gainera, «ziurtatuta dago jendearen parte hartzea». Ibañezek nabarmendu duenez, «berdin da zein ordutan pasatzen den Korrika, beti jendetza izaten da, beti izaten da giro ona».
Sentimendu ugari eragiten ditu Korrikak. Ibañezentzat, «emozioa, poztasuna… ematen du horrelako ekitaldi batek booma edukitzea Euskal Herrian. Urteak pasa ahala gero eta xarma gehiago daukala esango nuke». Aguadorentzat gainera, erabat hunkigarria da, «denok batera, denok elkarrekin Korrikan parte hartzea, Korrika non ibiliko den pentsatzea nondik zenbat kilometro egin dituen Euskal Herrian… oso hunkigarria da».
Kopilotu lanetan
Korrikaren egunean, furgonetaren aurretik bidea zabalduz joaten den autoan joango dira, txandaka, kopilotu, Korrikaren ibilbidea erakutsiz. «Ondo gidatu beharko ditugu bestela… auskalo non azalduko garen», diote umoretsu.
Goierrin 60 bat kilometro egingo ditu Korrikak. «Kilometro salmenta ondo joan da. AEK-ko Euskaltegietan diru iturri garrantzitsua da».
Hori bai, «kilometroak baino eragile gehiago direnez, kilometro bakoitzean ahalik eta eragile gehien sartzen saiatzen gara». Askotan denen gustua egitea ezinezkoa dela nabarmendu dute koordinatzaileek. «Denek herri barnealdean egin nahi dute Korrika, baina ezinezkoa da. Saiatzen gara denak pozik uzten baina zaila da. Denok ezin dugu Kale Nagusian korrika egin».
Korrika herri guztietatik pasatzea ere ezinezkoa da eta aurtengo edizioan, Goierriko herri hazienetan, Legazpi geratu da ibilbidetik kanpo. «Antolatzaileek beraiek esaten dute zein herritatik pasatuko den Korrika. Eskualdeetan, herrietako ibilbide zehatza antolatzen dugu» .
Hala ere, Korrika pasatzen ez den beste herritarrek egiten duten bezala, legazpiarrek ez dute hutsik egingo eta Urretxun egingo dute korrika, bidegorritik legazpiar guztiak elkarrekin jai giroan joanda. Gainera, Korrikaren historia biltzen duen erakusketa ikusgai dago kultur etxean apirilaren 10era arte.
Jendea gogotsu
Korrikaren aitzakian, bai aurretik eta bai ondoren, plan ugari antolatu dituzte herrietako Korrika batzordeek. «Jendea gogotsu dago. Gozatzeko eguna izango da. Aitzakiarik ez dago».
Datozen urteetarako erronka bat bota die Aguadok Goierriko gazteei: herrietako Korrika batzordeetan parte hartzea. «Herrietako batzordeetan betiko jendea dabil eta erreleboa eskatzen ari dira. Gazteak behar ditugu batzordeetan».
AEK diruz laguntzeko
Euskararen aldeko korrikaldia baino gehiago da Korrika: AEK euskaltegien lana bermatzeko diru iturri garrantzitsua. Korrika eginez eta kilometroa erostearekin batera, modu bat baino gehiago dago AEK diruz laguntzeko: Korrikako materiala erosita (Beasaingo Herri Dendan edo Internetez), Korrika Lagun edo Korrika Laguntzaile izanez, edo petoa erosiz. «Material gutxi dago eta zenbaki gabeko petoak saltzen ari gara. Asko eskatu dituzte. 5 euro balio du peto bakoitzak».