Derion iaz ateratako hezurrak Jesus Izagirre gudari gabiriarrarenak dira
Gogora institutuak gaur baieztatu dio familiari, DNA frogak egin ondoren, 1937an hil zuten gudariarenak direla. Hurrengo pausoa hezurkiak herrira ekartzea izango da.
1936ko gerran borrokatu zen eta hil zuten Jesus Izagirre Artsuaga gudariarenak dira Derioko hilerrian (Bizkaia) irailean desehortzitako hezurrak. Eusko Jaurlaritzaren Gogora memoria eta bizikidetza institutuak gaur baieztatu dio Izagirreren familiari. Urte askotan aztarna galduta egon ondoren, hezurrak berreskuratzeko moduan izango dira. Ez dute oraindik zehaztu noiz ekarriko dituzte gorpuziak Gabiriara.
Jesus Izagirre 1937ko maiatzaren 15ean hil zuten, Bizkargi mendiko (Bizkaia) bataila gogorretan. Amaiur batailoi abertzaleko gudari sarjentua zen, eta 27 urte bete gabe zeuzkan artean. Haren gorpua, Amaiurreko beste burkide askorenak bezala –tartean Joxe Apaolaza eta Jose Ramon Igartzabal gabiriarrak– Derioko hilerrian lurperatu zituzten. Baina, 15 urte geroago, hezurtegi komunera bota zituzten hezurkiak, eta han galdu zen gudari asko identifikatzeko aukera.
Izagirreren gorpuzkiek beste bide bat izan zuten, ordea. Bilboko Aspiuntza familia lagunaren hobira aldatzea lortu zuten, bi sendien arteko laguntasuna tarteko. Iñigo Santxo abokatuak topatu zuen aztarna hori duela bizpahiru urte, eta, azkenean, tramite burokratikoak eta froga genetikoak burututa, lortu da baieztapena. Izagirreren lau ilobari hartu dizkiete DNA laginak. Aranzadik iazko irailaren 14an atera zituen gudariarenak izan zitezkeen hezurrak Aspiuntzatarren panteoitik, eta haien gainean egin dute alderaketa genetikoa.
Nortasuna baieztatuta, hurrengo urratsa hezurrak familiaren esku uztea egingo du Gogorak. Oraindik ez dute data zehaztu, Gabirian harrera ekitaldi bat ere prestatzekotan baitabiltza.