Hitzez eta pausoz, hogeita bira
'Hitzekin' lemapean hasiko da gaur Korrikaren 22. edizioa Amurrion eta apirilaren 10ean bukatuko da Donostian. Goierrira apirilaren 8an iritsiko da. Aizpurutxotik barrena sartuko da 15:36an, eta Legorretatik irten, 21:14an.
21. Korrika Lazkao zeharkatzen. Joko luzekoa da euskararen partida. 1980an, duela 42 urte hasitako ibilbidea ere, pausoz pauso eta hitzez hitz iritsi da 22ra. «Ezinbestekoa da partida hau irabaztea. Ekiteko ordua da, orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da norgehiagoka». Hala azaldu dute antolatzaileek, aurtengo Korrikaren aurkezpenean. Izan ere, Korrikak 22. aldiz zeharkatuko du aurten Euskal Herria. Gaur abiatuko da aurtengo edizioa Amurriotik, eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara, herriz herri 2.180 kilometro egin eta gero. Goierrin apirilaren 8an sartuko da, 15:36an, Aizpurutxotik barrena, Urretxu-Zumarragara, eta Legorretatik irten, 21:14an, Tolosaldetik jarraitzeko.
Pandemiaren eraginez, urtebetez atzeratu behar izan du Korrika AEK-k, berez, 2021ean egitekoa baitzen 22. edizioa. Atzerapen eta zailtasun guztien gainetik, ordea, martxan da jada euskararen aldeko ekimen erraldoia.
Eten hori ohi baino luzeagoa izan da halabeharrez. Baina tarte horretan, euskararen aldeko lana ez da eten. Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak «euskararen alde lanean segitu duen jendearen gogoa eta ilusioa» txalotu du. Errigoraren Agerraldia ekinbidea eta AEK-ren Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpaina edota hizkuntza politiketan eragiteko Batuz Aldatu adostasun soziala jarri ditu adibide. Hala, lan horri hauspoa ematen jarraitzeko, oso garrantzitsutzat jo du «Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea» berreskuratzea.
«Hitzetatik ekintzetara»
HitzEkin izango da aurtengo Korrikaren lema. Hain zuzen ere, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin dute, «nork bere tokitik eta eginbeharretik». Herritarrei ez ezik, elkarteei eta erakundeei ere egin diete ekintzarako gonbitea. «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak». Izan ere, euskararen egoera normaltasunetik urrun dago oraindik; «larrialdi linguistikoaren alarma gorria» piztuta dagoela gogorarazi dute. «Horren aurrean ernatzeko» eskatu diote gizarteari. «Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko».
Euskaltegiei bultzada eman
Euskararen «aldekotasuna eta harrotasuna» bultzatzeko beharra ikusten dute antolatzaileek. Eta bide horretan, Korrikak «akuilu lana egin dezan» nahi dute. Euskara bultzatzeko, ezinbestekoa da euskaltegien lana, eta AEK-ren arabera, «administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak ez dira nahikoa oraindik». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «urrats handia egiten ari da irakasleen lan baldintzak normalizatzeko», baina oraindik badago zer hobetu. «Ipar Euskal Herrian ere laguntzak handitu egin dira, bai, baina ez helduen euskalduntzeak behar lukeen moduan. Eta Nafarroan, gobernuak urrats sendoagoa egin berri du, azken urteotan pauso txiki batzuk eman ostean». Datozen urteetan «hobekuntza» horiek «areagotuko eta sendotuko diren itxaropena» dutela esan du Iribarrenek.
Kultur ekimenak nonahi
Azken urteetan hartutako bidetik, kultur egitarau zabal batek lagunduta etorriko da 22. Korrika ere. Izan ere, Korrika Kulturala egitasmoaren barruan dozenaka ekitaldi antolatu dituzte, herriz herri. Aurtengo omenduek ere, zerikusi handia dute kulturarekin eta euskalgintzarekin. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek egindako 34 urteko ibilbidea aitortu nahi izan dute, «euskararen transmisioan eragile aktibo» izan baitira. Urtarrilean egin zitzaien omenaldi ekitaldia.












