Aste Santuko ekintzak prestatzeko bilera deitu dute Seguran astelehenerako
Lan ezberdinetan parte hartzeko eta dena prest egon dadin, bilera deialdia zabaldu du Aste Santua Taldeak astelehenerako. Herritarrak animatu dituzte bileran parte hartzera, Danon Gelan izango da, 19:00etan.
Aste Santua ate joka dago. Bi urteko etenaren ondoren, Segurako Aste Santua antolatzen hasi dira dagoeneko. Lan ezberdinetan parte hartzeko eta dena prest egon dadin, bilera deialdia zabaldu du Aste Santua Taldeak astelehenerako. Herritarrak animatu dituzte bileran parte hartzera, Danon Gelan izango da, 19:00etan.
Belaunaldiz belaunaldi ospatu den tradizioak ehunka urte ditu. XVII. mendeko lehenengo hamarkadan dokumentatzen da jadanik Segurako Aste Santua. Ostegun eta ostiral santuan ospatzen dira prozesioak kaleetan eta 350 bat herritarrek parte hartzen dute prestaketa lanetan zein prozesioetan. 10 irudi eramaten dituzte. Horrez gain, paso biziak deiturikoetan ere hainbat pertsonaiak parte hartzen dute: aingerutxoek, nazarenoek, penitenteek, soldadu erromatarrek, txistulariek, musika bandak, herriko koruak, eliz gizonek eta fededunek.
Hilaren 10ean
Taldeak ohar bidez azaldu du «tradizioarekin segitzeko jendea behar» dutela, eta bilerarako gonbitea zabaldu du. Apirilaren 10ean hasiko da Aste Santua, Erramu igandeko erramu bedeinkatzearekin. Apirilaren 17an bukatuko da, pazko egunez, sorkundetar komentuan 11:00etan egingo den meza santuarekin.