Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du aurten ere UemaK
Apirilaren 4an hasiko da errenta aitorpena egiteko epea Gipuzkoan. 2021ean 83.100 herritarrek euskara aukeratu zuten Ogasunarekin harremana izateko
Heldu da unea 2021eko errenta eta ondarea aitortzeko, apirilaren 4an hasiko da kanpaina Gipuzkoako foru ogasunean, eta errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.
Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik, Uemak nabarmendu duenez.
Nola aukeratu euskara
Errenta aitorpena egiteko dauden aukera desberdinetan aukeratu daiteke euskaraz egitea. Internet bidez, Ogasunarekin harremanetan jartzeko datuak Gipuzkoa atarian aldatuz. Bertan, euskara aukeratu daiteke harreman hizkuntza gisa.
Aurrez aurrekoa aukeratzen dutenek, Ogasuneko herritarren arretarako bulegoetan edo aldundiko erregistro zentralean 030 eredua aurkeztuz, partikularren kasuan, eta 036 eredua enpresen kasuan.
Errenta aitorpena egiterakoan ere euskara aukeratzeko ere desberdinak daude. Autolikidazio proposamena telefonoz edo Internetez onartzen denean adierazita egin daiteke. Beste aukera bat da, errenta mekanizatuko bulegoan dagoen langileari hala adieraziz. Gainera, Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman, errenta aitorpena euskaraz aurkeztuz, aitorpena bidaltzean norbere aukera adierazita. Azkenik, errenta aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen duenak, errenta aitorpena euskaraz eginez eta Ogasunarekin eta aldundiarekin harremanetan euskara aukeratuz.
83.100 euskaraz
Foru Aldundiaren arabera 2021ean Gipuzkoan 83.100 herritarrek euskara aukeratu zuten Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanetan. 2023ari begira, Ogasunaren helburua da 100.000 pertsona fisikok aukera hori egitera iristea.