Finalerdirako indarrez
Errege Kopako finalerdiko partidan SilverStorm El Salvador taldearen aurka jokatuko du Ampo Ordiziak, Altamira zelaian, bihar, 16:00etatik aurrera. Harmaila betetzeko deia egin dute.
Errege Kopako finalerdia jokatuko du Ampo Ordiziak, Valladolideko SilveStorm El Salvador taldearen aurka. Zelaia aldeko izango du, Ordizian, Altamiran, jokatuko baitute. Partida bihar, larunbata, 16:00etan hasiko da.
Ampo Ordiziak lehenengo titulua irabazi zuela, 10 urte beteko dira apirilaren 22an. Asteburu hartan bizitakoa errepikatzea ikaragarria izango litzateke. Hori berriro ere bizitzeko ilusioarekin, noski, baina pausoz pauso, urratsa galdu gabe egin nahi du bidea Iñigo Marotias Ampo Ordiziaren entrenatzaileak. Horregatik, «fokua finalerdiko partidan dugu jarrita», nabarmendu du taldearen gidariak; «80 minutu luze ditugu aurretik eta dena ongi ateratzen bada, datorren astelehenetik aurrera hasi gaitezke pentsatzen finalean». Hankak lurrean beraz, baina garbi du, «talde honek merezi duela final batera iristeko aukera izatea».
Iragan asteburuan Ohorezko mailako errugbiko ligako hamalaugarren jardunaldian VRAC Quesos Entrepinares taldeari irabaztetik datoz ordiziarrak. Marotias entrenatzaileak adierazi duenez «oso partida garrantzitsua» zen. Liga aurrera doa eta sailkapen nagusiko laugarren postua mantentzeko garaipena behar zuten. Baita lortu ere. Garaipena lortu, «partida on bat» eginda gainera.
Horrek guztiak, Kopako finalerdia jokatze aldera «indar gehigarria» emango die. Gainera, zelaia aldeko izatea ere oso positiboa da. Entrenatzaileak esan du «aurkaria zein izan zitekeen baino, non jokatu, horrek kezkatzen» zituela gehiago. Eta bai, Altamiran, Ampo Ordizia are indartsuago egiten den gotorlekuan izango da, finalerako txartelagatik borroka.
Gauzak horrela, eta asteko entrenamendu saioetako lanak eginda, «taldea oso egoera onean» iritsiko da larunbateko hitzordura. Marotiasen hitzetan, «gogoz tope» daude jokalariak, eta «oso sentsazio onekin iritsiko gara».
Finalerdiak, partida bakar batera jokatuko dira. Beste bi taldeak Lexus Alcobendas Rugby eta Ciencias Enerside dira. Finalerdiak irabazten dituzten bi taldeek jokatuko dute Kopako finala apirilaren 30eko asteburuan Sevillan, La Cartuja estadioan.
Zaletuei deia
Larunbateko partida festa handi bat bezala bizi nahi du Ordizia Rugbi Elkarteak eta horretarako lanean ari da. Harmaila bete egin nahi dute, zaletuen babesa oso garrantzitsua izango delako. Gainera, egun handi hori girotzeko, Altamira zelaiaren ondoko aparkalekuan taberna jarriko dute. Zuzeneko musika ere izango da.
Sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira, ohi bezala, partida hasi baino ordu erdi lehenagotik, leihatilan. Klubaren eguna izango denez, bazkideentzat 5 euro eta gainontzekoentzako 15 euro balio dute sarrerek.