Goierriko pentsiodunen mozioarekin bat egin du Idiazabalgo Udalak
Udalerriko banketxe guztiei helarazi dizkie zehaztutako eskakizunak. Tartean, lehiatila bat irekitzeko eta itxarongela bat gaitzeko eskatu dute.
Idiazabalgo Udalak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta zehazki Goierriko pentsiodunen mugimenduak bankuei lotuta proposatutako mozioarekin bat egin du, adinekoek eta pentsiodunek zerbitzuen murrizketen eta digitalizazioaren ondotik banku zerbitzuetara jotzeko duten arazoa dela eta. Atzoko Osoko Bilkuran aho batez onartu zituzten banketxeei helarazteko zenbait jarraibide. Azken urteotako informatizazioak eta digitalizazioak zuzeneko aurrez aurreko arreta pixkanaka kentzea, ordutegiak murriztea, bulegoak kentzea eta langileak gutxitzea ekarri du, eta herri askotan, banketxea betiko ixtea. Goierriko Pentsiodunak-ek bankuen funtzionamenduak eta zerbitzuen murrizketak “herritar guztiei eragiten” diela azpimarratu du, baina batik bat “prekarietate handieneko egoeran daudenentzat” eta, arrakala digitalaren ondorioz, “adineko pertsonen belaunaldiarentzat kaltegarriagoak” direla.
“Diru kontu bat edukitzeagatik ordaintzetik kobratzera pasa dira, eta batzuetan, baita zure dirua ateratzetik ere”, gehitu dute. “Bankuek, eta lehen aurrezko-kutxek ere, zerbitzu publikoa ematen dute eta finantza-bitartekarien funtzioa betetzen dute, jarduera ekonomikoa eta produktiboa errazteko, baina ezin dugu ahaztu banku pribatuak merkataritza-enpresa den aldetik, dirua irabaztea duela helburu”. Aurkeztutako mozioaren bidez, banka publiko baten beharra agertu du mugimenduak, “zelatari-lanak egingo dituena eta banku-pribatuen praktiken eredu konparatiboa izango dena”.
Bi printzipioren arabera egin dute banka publikoaren eskaera: gehien duenari gehiago kobratzea, eta kudeaketaren kostua zerbitzu horretaz gehien baliatzen direnei egoztea, batetik; eta behar den arreta presentziala ematea, bezeroek arreta hori jaso dezaten, bestetik. Azalpen horiek oinarri hartuta, Idiazabalgo udalbatzak zenbait neurri onartu ditu herrian dauden banketxeei eta jarraian aipatutako instituzioei helarazteko.
Hona hemen eskakizunak:
- Lehiatila bat irekitzeko. Lehiatila horretan, 65 urtetik gorakoei lehentasunez, aurrez aurreko zerbitzua bermatuko zaie herritarrei lanaldi osoan.
- Lokaletara sartzeko murrizketak dauden bitartean sukurtsal bakoitzean ahalik eta edukiera handieneko itxarongela bat gaitzea edo bestelako neurriak hartzea aire zabalean ilarak saihesteko.
- 1, mailan, hileko komisioa ordainduta, eta doakotasunekoa 2. mailan, urrakortasun-egoera kolektiborako eta hedapenerako aukera zabala egin dezatela, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa sinplifikatzea.
- 65 urtetik gorako pertsonei, hala eskatzen badute, doako zordunketa-txartelak ematea, inolako komisiorik gabe, erabilera-mugen ordainketarik gabe, saldo jakinaren eskakizunik gabe, erabiltzeko gutxieneko zenbatekorik gabe edo antzerako produkturik gabe.
- Osoko Bilkurak Espainiako Bankuari eskatzen dio bankuen funtzio pribatu eta publikoak argi eta garbi bereizteko eta doakotasuna edo gutxieneko komisioa ezartzeko.
- Osoko Bilkurak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari eta Espainiako Bankuari eta euskal instituzioei eskatzen die saldorik handiena duenari gehiago kobratzea, eta ordainagirien eta gainerako ordainbide eta kobrantza bideen kudeaketaren eta beste prestazio batzuen kostua kobratzea, batez ere zerbitzu hori gehien baliatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei.