Igandeko Loinatz abesbatzaren kontzertuan bildutako dirua Ukrainara bidaliko dute
Donazio minimoa hamar eurokoa izango da. Beasain - Ukraina taldeak eskertu egin du herritarren erantzuna. 24 trailer bidali dituzte jada; datozen egunetan gehiago abiatuko dira
Loinatz abesbatzak kontzertua eskainiko du etzi, 19.00etan, Igartzako Jauregian. Bertan jasotako dirua Ukrainara bidaliko dute. Dohaintza minimoa hamar eurokoa izango da, baina inork gehiago eman nahi eta ahal badu, Beasain – Ukraina taldeko kideek esan dute ongietorria izango dela. Beharra dagoela azpimarratu dute.
Arabako, bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek emandako produktuekin betetako 24 trailer bidali dituzte jada. Datozen egunetan gehiago abiatuko dira, gainera. Garraioaren kostuak ordainduko dituzte diruarekin, besteak beste.
Jasotako prduktuen zati bat goierritarrek emandakoa da. Eskualdeko herri askotan antolatu dituzte bilketa-guneak. Batzuk, oraindik ere, irekita daude. Beasaingo Kale Nagusiko 13.nekoa eta Loinatz futbol zelaikoa, esaterako. Pixohialak eta konpresak behar dituzte gehien. Halere, iraungitzen ez diren jakiak (kontserba latak, gailetak, esne-hautsa…), berotzeko materiala (lozakuak, mantak, kandelak…) , higiene-produktuak (xaboia, hortzetako zepiloak eta pastak…) eta osasun arloko materiala (Bendak, zauriak garbitzeko material, K bitamina anpoilak, maskara kirurgikoak eta FPII-ak…) ere eman daiteke. Arroparik ez dute jasotzen.
Karlos Unanua Beasain Ukraina taldeko boluntarioak lagundu duten guztientzako esker oneko hitzak izan ditu. Hasieran solidaritatea oso handia izan zela oritu du, eta oraindik ere herritarrak hurbiltzen direla donazioak egitera.
Lanerako jendea
Material guzti hori sailkatzeko eta kamioetan kargatzeko jendea behar dute, nahiz eta txanda guztietan jendea egon badagoen. Lagundu nahi duenak beasainukrania@gmail.com helbidera idatzi behar du edo 678 341 610 telefonora, deitu.
Loinatz abesbatzaren saioari dagokionez, emanaldiak bi atal izango ditu. Aurreneakoan euskal folklorea izango da protagonista. Aita Donostiaren, Lesbordesen edo Xabier Sarasolaren piezak inerprestatuko dituzte, besteak beste. Maddi Otamendik bakarlari lanak egingo ditu; bigarren zatian harizko laukotearen eta perkusioaren laguntza izango dute. Catalin Bucataruk (lehen biolina), Matías Llonak (bigarren biolina), Luis Ibiricuk (biola) eta Belen Fernandezek (Biolontxeloa) osatuko dute laukotea. Javier Perez de Azpeitia pianista eta Carlos Alcala perkusionista ere igoko dira oholtzara. Jon Aizpuruk zuzenduko ditu musikari eta abeslari guztiak.