Oinez ere aritzen da futbolean
Reala fundazioak Walking Football proiektua jarri du martxan. Ingalaterran dauka oinarria, eta futbolean oinez jokatzeko aukera ematen du. 55 urtetik gorakoentzat da.
Kirol guztien artean, futbola da munduaren luze-zabalean zale eta jokalari gehien mugitzen duena. Futbol zaleak une batetik bestera pasiotik sufrimendura eta tristuratik poztasunera eramateko gai da kirol hori. Baldintza fisiko jakin batzuk nahitaezkoak izanik, futbolean jokatzea, ordea, ez da egon hala nahi izan duten guztien eskura. Orain arte.
Izan ere, Reala fundazioaren ekimenez, 55 urtetik gorako edozein herritarrek ere futbolean jokatzeko aukera izango du hemendik aurrera, Walking Football proiektuari esker. Realarekin batera, Adinberri zahartzaroari buruzko ikerketa zentroa, Donostia Lagunkoia egitasmoa, Matia fundazioa, Adinkide programa, Agujipens Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elkartea, eta Beasaingo eta Arrasateko udalak daude proiektuaren atzean.
Iñigo Diaz de Zerio Reala fundazioko proiektuen arduradunak azaldu duenez, Ingalaterran sortutako futbol mota bat da walking football-a. “Oinez jokatzen da, hiru ukitutara mugatuta daude jokalari bakoitzaren aukerak, eta baloia ezin da burutik gora altxatu”, zehaztu du.
Hiru egoitza aukeran
Kirola egitea “beti osasungarria” dela aintzat hartuta, zahartzaro aktibora iristeko adinean dauden herritar horiei “kirola egiteko aukera ezberdin bat eskaintzea” izan da proiektua martxan jartzeko helburuetako bat. Diaz de Zerioren iritziz, gaur egun, adin batetik aurrerako pertsonei zuzendutako eskaintza zabala dago: “Ttipi Ttapa paseo osasuntsuak, kiroldegietan egiten diren askotariko ikastaroak…”. Zehaztu du taldean egiten diren kirolak direla guztiak. “Baina, walking football-a ez bezala, ez dira talde kirolak”. Talde kirolak, izan ere, bere berezko ezaugarriak ditu: “Sozializatzeko aukera ematen du, eta bide ematen du harreman berriak egiteko”.
Gipuzkoan egingo dute walking football-a, baina Reala fundazioko proiektuen arduradunak jakinarazi du gipuzkoarrek ez ezik Nafarroako, Bizkaiko eta Arabako herritarrek ere ateak zabalik dituztela. Hiru egoitza proposatu dituzte proiektuari ekiteko: Realaren Zubietako instalazioak (Donostia), Beasain eta Arrasate.
Beasainen, talderik gabe
Entrenamenduak antolatzeko gutxienez zortzi-hamar laguneko taldeak osatzea beharrezkoa dela aipatu du Iñigo Diaz de Zeriok. Zubietan aritzeko, 30 bat pertsonak eman dute izena jada, baina Beasainen, adibidez, hiru baino ez dira animatu. “Ondorioz, Beasainen eta Arrasaten izena eman dutenen artean —dozena bat pertsona orotara— talde bakarra osatu dugu, eta, oraingoz, Arrasaten hasi dira entrenatzen”, azaldu du. Dena den, izen ematea ez dago itxita, eta, jende gehiago animatu ahala, ez dute baztertu egun gutxi barru Beasainen ere entrenamenduak hastea.
Aste honetan bertan ekin diete entrenamenduei Zubietan eta Arrasaten. Parte hartzaileentzat “doakoa” da, eta Beasaingo erabiltzaileei Arrasatera joateko garraioa ere jarri die Reala fundazioak. Parte hartu nahi dutenek Fundazioa@fundazioa.realsociedad.eus webgunean eman dezakete izena, baita 943-46 28 33 telefono zenbakira deituta edo Beasaingo eta Arrasateko kiroldegietan eskuragarri dauden izena emateko orrien bidez ere.
Patxi Zufia urretxuarra da Walking Football egitasmoan parte hartzeko izena eman duen herritarretako bat. 62 urte ditu, eta orain bi urte hartu zuen erretiroa. Kontatu du Internetez izan zuela Walking Footballen berri, eta “aitzakia polita” iruditu zitzaiola “mugitzeko eta kirola egiteko”. Zufiak azaldu du futbola “betidanik” izan dela bere kirola: “Haurra nintzenetik jokatu izan dut, eta, gazte mailan, 1975-1976ko denboraldian, Urola futbol taldeko jokalari ere izan nintzen”. Lanean hasi zenean utzi behar izan zuen futbola.
Aurten, ekainera arte
Futbola “kirol bat baino gehiago” dela uste du Zufiak: “Taldeko kirola da, eta horrek lagun berriak egiteko aukera eman zidan gazte nintzela, beste herri batzuetako taldekideak ezagutzekoa. Niri asko eman zidan futbolak”. Zehaztu du walking football-ak “taldeko kirola egiteko aukera” ematen diolako erakarri duela hainbeste, eta horregatik eman zuela izena. Hasierako ideia Beasaingo taldean aritzea bazen ere, gustura dago Arrasaten aritzeko aukera eman diotelako. “Bergara, Aretxabaleta, Elgoibar edo Eibar ingurukoekin arituko naizela pentsatzen dut. Proba egingo dut, behintzat, eta ea nola moldatzen garen”.
Hasiera-hasieratik, proiektua “oso begi onez” ikusi du Zufiak. “Gustatzen zaidan kirol batean zerbait ezberdina egiteko aukera ematen dit walking football-ak. Reala fundazioaren egitasmo berrira “goierritar gehiago batzea” espero du urretxuarrak, eta Beasainen taldea osatu ahal izatea.
Printzipioz, ekainera arte iraungo du denboraldiak, baina irailetik aurrera berriro martxan jarriko dute.