Liburuaren eguna girotzeko ekitaldiak hasi dira Udal Liburutegian
Joan Kruz Igerabideren gaurko solasaldiak ireki du egitaraua. Idazle gehiago ere gonbidatu dituzte datozen egunetarako.
Apirila hilabete berezia izango da aurten ere Legazpiko Udal Liburutegian, urtero bezala hilaren 2ko Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna eta hilaren 23ko Liburuaren eta Jabego Intelektualaren Nazioarteko Eguna ospatuko dituelako. Gaur hasi eta hilaren amaierara arte, liburuak eta idazleak protagonista dituen ekitaldi sorta antolatu du.
Gaur izan da egitarau horretako lehen hitzordua, Juan Kruz Igerabide idazlearekin. Herriko batxilergoko ikasleekin elkartu da Igerabide Kultur Etxean goizean, Doneaneko alaba liburuaren inguruan solasean jarduteko.
Hurrengo hitzorduak liburutegian biltzen diren irakurketa kluben inguruan izango dira. Hilaren 27an, asteazkena, Yoko Ogawaren La formula preferida del profesor liburuaz hitz egiteko elkartuko dira irakurleak, Monica Leivak gidatua. Saioa Kultur Etxean izango da, 18:30ean, eta herritar guztiei dago irekita. Liburua irakurri nahi duenak liburutegian bertan eskuratu dezake ale bat. Euskarazko taldea ostegunean, hilaren 29an bilduko da, leku eta ordu berdinean, Miriam Lukik gidatuta, eta gonbidatu berezi batekin. Itziar Ugarte Irizar idazlea izango da bileran, irakurtzen ari diren Gu gabe ere liburuaz hitz egiteko. Liburu hori ere liburutegiak eska daiteke.
Ostegun horretan ere, hilaren 28an, beste idazle bat inguratuko da Legazpira, Jasone Osoro. Goizean DBHko ikasleekin elkartuko da Kultur Etxean, Eskularru beltzak lanaz jarduteko.