Unai Izagirre eta Aner Peritz, Aztiri Bat saiotik Osinalde sarira
Legazpiko kanporaketan lortu dute Gabiriarako txartela. Izagirrek irabazi du saria. Saioa «erritmo handikoa» izan da, eta bertsolariek «maila ona» eman dute

Unai Izagirre eta Aner Peritz sailkatu dira Osinalde bertsolari gazteen sariketaren finalerako, Legazpin joan den larunbatean jokatutako Aztiri Bat sarian txartela irabazi eta gero. Aurreko astean Ane Zuazubiskar eta Oihana Arana sailkatu ziren Gabiriarako, Ordiziako Argi Berri sarian. Larunbatean, apirilak 9, Zaldibian jokatuko den Osinberde sarian osatuko da finalisten seikoa.
Latxartegi aretoan jokatu zen Aztiri Bat saria, eta Iparragirre azkoitiarrarekin eta Peritz zarauztarrarekin batera, Abadiñoko Bittor Altube, Berako Ekhiñe Zapiain, Urruñako Irati Alcantarilla eta Oñatiko Urko Arregi aritu ziren finalerako txartela lortzeko lehian. Pandemiaren eraginez Aztiri Bat elkartean afal ondoreneko formatuan jokatu beharrean, Latxartegin egin da kanporaketa hau bigarren urtez jarraian.
Erritmo handiko saioa
Epaile lanetan Joxe Arizkorreta, Asier Iriondo eta Nekane Gonzalez aritu ziren, eta bertsolarien lan hauek neurtu behar izan zituzten: hiruna bertso zortziko nagusian, ondoren bina punturi erantzun zioten, jarraian hiruna bertso zortziko txikian, bakarkako lanean bi bertso kantatu zituzten gehienez hamarreko neurrian, eta amaitzeko, hiruna bertso abestu zituzten hamarreko txikian. Lan horiek amaituta, Osinalde sariketako finalerako bi sailkatuak Aner Peritz eta Unai Izagirre izango zirela erabaki zuten. Entzuleek, bestalde, Izagirre izendatu zuten bertsolari gustukoena ere, eta berari eman zioten Aztiri Bat saria. Jokin Matxinandiarenak entregatu zion, Aztiri Bat elkartearen izenean.
Antolatzaileen arabera, saioa «erritmo handikoa izan zen, sei bertsolariek maila ona eman zuten, eta bertsoaldi dotoreak entzuteko aukera» izan zen. Umoreak ere izan zuen lekua, baita «bakarkako lan sakonak» entzuteko paradak ere.
Latxartegin 30-bat lagun elkartu ziren, eta «saioa hotza izango zela bazirudien ere, bertsolariek eta entzuleek egun hotzari giro epela» jarri zioten.