Urbeltz pilotalekuko taberna esleitzeko prozesua martxan jarri du udalak
Eskariak egiteko epea apirilaren 19an amaituko da. Hileko 503,47 eurokoa izango da kontratua, eta bi urteko iraupena izango du.
Urbeltz pilotalekuko taberna ustiatzeko eta atezain lanak egiteko kontratua amaitu berritan, Legazpiko Udalak kontratu berria egiteko prozesua martxan jarri du.
Kontratuaren kostua hileko 503,47 euroan finkatu du udalak, BEZ barne, baina diru kopuru hori goraka hobetu dezakete lizitatzaileek. Iraupena bi urtekoa izango da, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da.
Eskariak egiteko epea apirilaren 19ra artekoa da, eta Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataformaren bidez egin beharko dira. Informazio gehiago udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo Bikuña kiroldegian eska daiteke.