Zientzia astea eskolan
Osasunaren alorreko ekintzak egiten ari dira Domingo Agirre ikastetxeko ikasleak. Laborategiko esperimentuak eta eskulanak dira lanketaren oinarria. Amaieran, erakusketa bat
Domingo Agirre eskola publikoan Zientzia Astea ari dira ospatzen egun hauetan, gaurkotasunak aginduta, osasun gaiei eskainita. Urte asko dira zientzia ardatz hartuta eskola osoa laborategi erraldoi bihurtzen dela. Aurten ere, irakasleen inplikazioari esker, egitarau zabala prestatu dute Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko ikasleetatik hasi eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoetaraino iritsiz.
Egitarau horren antolatzaileetako bat den Pili Perez irakasleak azaldu duenez, ikasleek «zientziaz gozatzea» da helburu nagusia, «baina etorkizuneko lanbideetan gai horrek duen pisua ikusita, hori ere landu nahi dugu».
Praktikan jartzen
Gelan ikasitakoa praktikan jartzen ari dira ikasleak egun hauetan, eskulanekin eta esperimentuekin batez ere.
Lehen Hezkuntzan, 2 eta 3 urtekoek mediku kontsulta bat irudikatuko dute, eta 4 eta 5 urtekoek, mikroskopioa zer den ezagutuko dute. LHko lehen zikloko ikasleek biriken funtzionamendua eta edukiera eta hezurdura landuko dute eskulanekin, hatz aztarnen inguruan esperimentuak egingo dituzte eta mikroskopioan behaketak. Bigarren zikloan, medikuntzako tresnak sortuko dituzte, eta esperimentuen bitartez, mikrokultiboak eta lur mota ezberdinak landu, eta gel hidroalkoholikoa sortuko dute. Goi mailetan, gorputzeko organoen lanketa egingo dute: zelulak behatu mikroskopioan, odolaren osagaiak aztertu, biriken aire edukiera kalkulatu, bihotzaren funtzionamendua ikusi… «Honen guztiaren ondoren agian baten bat mediku bihurtuko da», dio Perezek.
Eskolako eta laborategiko lanketaz gain, gurasoek ere izaten dute parte hartzeko modua, baina aurten pandemiak ez du horretarako aukerarik eman. Horren ordez, erakusketa bat egingo dute ostiralean eskolako pilotalekuan, astean egindako lan guztiak mahaietan antolatuz. Ikasle guztiak igaroko dira bertatik, Zientzia Astea antolatu duen batzordeko kideek gidatuta.