Ordiziako Beti Alai frontoia emakumezkoen pilota partidekin estreinatuko dute
Artzain Eguneko egitaraua borobilduko du kirol hitzorduak. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta bi partida izango dira, bata eskuz buruz buru, eta bestea palan binaka.
Apirilaren 20an, Artzain Egunean estreinatuko dute Ordiziako Beti Alai pilotalekua, kirol ekitaldi garrantzitsu batekin; emakumezkoen pilota partidak izango dira. «Ordiziako Udalak konpromiso irmoa du emakumezkoen kirolarekin. Aukera paregabea izango da Beti Alai pilotaleku berritua estreinatzeko, zalantzarik gabe!», nabarmendu du Jon Ander Caballero, Ordiziako kirol zinegotziak. Aldaketa nabarmenena kolorea da. Grisarekin ordezkatu dute berdea. Horrez gain, zorua, ezker horma eta frontisa konpondu dituzte. Gainera, argiztapena ere aldatu dute, bertan entrenatzen duten kirol taldeen aspaldiko eskaerari erantzunez.
Apirilaren 20ko hitzordua, beste askoren artean lehena baino ez dela izango adierazi du Caballerok, izan ere, udalaren helburua da, urtero emakumezkoen pilota partidekin borobiltzea Artzain Eguneko egitaraua.
Kirol zinegotziarekin batera ekitaldiaren aurkezpenean izan da Maider Mendizabal pilotaria eta Emakumeen Pilotari Elkarteko kidea. «Pozik» agertu da pilotalekua berritu ostean eta Artzain Eguna izanik emakumezkoen pilota partidei leku egitea. «Egun garrantzitsua da Ordizian, jende ugari gerturatuko da eta aukera ona da guretzat, espero dugu ikuskizun polita eskaintzea!», nabarmendu du.
Eskuz eta palaz
Apirilaren 20an arratsaldean bi partida jokatuko dira. Bata, eskuzkoa buruz buru, Miren Larrarteren eta Itsaso Erasunen artekoa. Une honetan puntan-puntan daude biak. Bestea, palako partida izango da, binaka, non, Euskal Herriko onenen lehia izango den. Leire Galdos eta Miriam Arrillaga, Amaia Irazustabarrenaren eta Maider Huiziren aurka arituko dira. 17:00etan hasiko dira partidak eta sarrera doakoa izango da.