Erramu sortak, garaiaren lekuko
Erramua gauden garaiaren seinale da eta hamabost egun barru, apirilaren 20an, Artzain egunarekin batera, aurtengo gazta berriaren denboraldia iragarriko da.
Atzo, halako hotzik ez, 4-6 gradutik gora goizean goizetik, baina izandako neguko eguraldi gogorrak hizpide: «Izotza lehenago egin behar zuen orain kalte handia egin dezake. Arbolek izerdia mugitua dute», «irasagarrak sua pasatuta bezalaxe gelditu dira», «baratza batzuetan patataren landarea ia ateratzen hasia zen eta hostoak belztuta utzi ditu»… negutegiak eta gainerako babesak lagungarri badira ere naturak du azken hitza.
Erramu sortek Aste Santuaren etorrera iragarri ohi dute. Atzo bizpahiru postutan eskaintzen zituzten adarrak edota sorta prestatuak 1-2,5 euro artean. Ondo saltzen dela aipatu zigun Miren Jauregik; «Tolosan larunbatean eramandako denak». Orain elizan bedeinkatzeko baino sukaldean erabiltzeko saltzen omen da batez ere. «Erosle askok halaxe esan didate, lehortu eta gustu gehiago izaten du gainera».
Errefautxoak
Errefautxo edo rabanitoa hasi da, Edurne Jauregi Baliarraingoak ekarri zituen lehen sortak 0,60-1€ artean salgai. Ilar gutxi atzo ere, eguraldia ez du alde izan, 15 euroan kiloa aste honetan ere, ea datorrenean ugaritzen den.
Landare aukera bai ari dela ugaritzen, atzo kuia edo kalabaza mota ezberdinak (Gernika edo tronpeta, potimarron, kakahuete), kuiatxo eta luzokerrak ere bai denak 0,40an bakoitza.
Hemengo udaberriko ziza gehixeago atzo, 15 kilo guztira 110-120€ artean kiloa. Onddoa (kanpokoa) 60k. 18-28 €/k.
Apirila, gazta hilabetea
Hilaren 20an izango da Artzain Eguna, ahal bezain besteko normaltasunez nahi litzateke aurreko bi urtetan ez bezala. Egun horretan emango zaio ofizialki hasiera aurtengo Idiazabal sormarkako ardi gazta berriaren denboraldiari.
Ordizian merkatuan jadanik salgai da. Aukeran da: ekoizleak berak zuzenean saldua, gainerako gazta postuetan ere bai, batzuk izendapen zigiludunak eta baita gabekoak ere.