Errenta Aitorpena euskaraz egitera animatu dituzte goierritarrak
Autolikidazio proposamena, mekanizatua edo Internet bidezkoa egiteko hizkuntzatzat euskara aukeratzeko dei egin dute Lazkaoko, Beasaingo eta Ordiziako udalek. Orain arte, %20-30 bitartean soilik egiten dira euskaraz hiru herri horietan, azken urteetan portzentaia igo den arren.
Gipuzkoako Ogasunak gaur, apirilaren 7an, ireki du 2021eko ekitaldiari dagokion Errenta Aitorpenak aurkezteko epea. Autolikidazio proposamenak astelehenaz geroztik onar daitezke, eta bulegora joan eta mekanizatua egiteko hitzorduak apirilaren 12tik ekainaren 8ra eskatu ahalko dira. Egiteko modalitateak direnak direla, beroriek euskaraz egiteko eskatu dute, gaur, Lazkaoko, Beasaingo eta Ordiziako udalek, azken hamabi urteetako Errenta aitorpena euskaraz kanpainarekin jarraituz.
Ogasunarekin hartu-emana euskaraz finkatzeaz gain, errenta aitorpena egiteko hizkuntza euskara aukeratzera animatu dituzte hiru udalek goierritarrak. Agerraldia egin dute Lazkaoko alkate Kepa Zubiarrainek, Beasaingo alkate Leire Artolak eta Ordiziako alkateorde Maitane Alvarezek, eguerdian, Lazkaoko udaletxean.
Hiru udalek elkarlanean 2010ean ekin zioten kanpainari. Harrezkero, aitorpenak euskaraz egiten dituzten herritarren portzentaia bikoiztu egin da, baina oraindik %20-30 bitartean bakarrik dira. 2009ko ekitalditik 2020ra, Ordizian aitorpenak euskaraz %8 izatetik %21era pasatu dira; Beasainen %8tik 20ra, eta Lazkaon %15etik 30era.
Errenta aitorpena egiterako garaian, euskarari ere aitorpena emateko eskatu dute.