Esku pilota Ukrainaren alde
Eskuz binakako bi partida jokatu ziren atzo Idiazabalgo frontoian. Bildutako dirua ukrainar komunitateari laguntzeko izango da.
Esku pilota jaialdi solidarioa ospatu zen atzo Idiazabalgo pilotalekuan, udalak eta Nergroup-ek antolatuta, Ukrainaren alde. Sarreren bidez lortutako dirua Europa de Los Pueblos Institutura bideratuko dute, Euskal herriko ukrainar komunitateari eta Ukrainatik alde egiteko aukerarik izan ez dutenei laguntzeko. Eskuz binakako bi partida jokatu ziren. Batetik, Ieregi-Mujika bikoteak 22-20 irabazi zion Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikoteari. Iturriagak jokatzea aurreikusi zuten, baina Ieregik jokatu zuen Mujikarekin azkenean. Eta bestetik, Bengoetxea VI-Garcia bikotea 22-21 gailendu zen Zubizarreta IV-Garmendia bikotearen aurka.
Ekimenarekin, dirua biltzeaz gain, ukrainar komunitatearekiko sentsibilizatu nahi izan dute. Jai giroan ospatu zuten eguna. Jun da Jo txarangak alaitu zuen giroa, eta aurpegi ezagunak ere izan ziren bertan, tartean, Emma Garcia telebista aurkezlea eta Koldo Saratxaga enpresaria.
Irudiak: Sara Mujika