«Ez dago errefuxiatu on edo txarrik»
Aya El Fatimi Lhasnaoui Beasain BHIko ikasleak errefuxiatuei jatorriaren arabera ematen zaien tratu ezberdina salatu du.
Aya El Fatimi Lhasnaoui Txindoki institutuko ikasleak gertutik ezagutzen du errefuxiatuen sufrimendua. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak eragindako errefuxiatu uholdea ikusteak gainerakoei baino min handiagoa eragiten dio, ahal bada. Eta galderak ere bai: «Ez dut ulertzen zein den Mediterraneoan hildako baten eta Kieven hildako pertsona baten artean dagoen aldea». «Erantzuna garbia da: errefuxiatu horiek ilehoriak direla eta begi urdinak dituztela», erantzun dio bere buruari.
El Fatimi kexu da errefuxiatuei jatorriaren, azal kolorearen eta fedearen arabera trataera ezberdina ematen zaiela. «Oso interesgarria iruditzen zait Europako herrialdeek ukrainar zuri guztiei ateak nola zabaltzen dizkieten ikustea, beste herrialde batzuetako errefuxiatu batzuk Mediterraneoan itotzen edo Turkian ez atzera eta ez aurrera utzita», zehaztu du. «Elkartasun bitxi honek Mendebaldeko munduaren hipokresia erakusten du», gaineratu du. «Gizarte honetan pertsona zurien pribilegioa, arrazakeria eta eurozentrismoa nagusi direla erakusten digu», gaineratu du.
«Ez dago errefuxiatu on edo txarrik», azpimarratu du. «Bizi-proiektu hobe baten alde sufritzen ari diren pertsonak dira errefuxiatuak, dela gerragatik, dela bere herrialdeko egoera ezegonkorragatik edo beste edozein arrazoirengatik. Ukrainako errefuxiatuek Afganistango, Palestinako, Siriako eta Etiopiako errefuxiatuen oso antzeko egoerarengatik egiten dute ihes».
Afrikatik edo Asiatik etorritako errefuxiatuei «gizatasuna kentzen» diegula sinetsita dago. «Ez dago bestea baino gehiago balio duen bizitzarik. Baina aipatzekoa da pertsona batzuk besteak baino gehiago baloratzen ditugula eta batzuei beste batzuei baino garrantzi handiagoa ematen diegula». Horregatik, ukrainarrentzako elkartasun hitzak ere izan ditu: «Ukrainan gertatzen ari dena oso larria eta kaltegarria da, dudarik gabe».